Euskal emakume idazle eta ilustratzaileak ezagutarazteko egitasmoa abiatu dute Ibarran

Ataria 2021ko api. 19a, 19:00

Gaurtik asteazkenera bitarte, egunero bideo bat zabalduko du Ibarrako Udalak bere sare sozialetan eta erronka bat proposatuko diete haurrei: zomorro bat marraztea.

Euskal emakume idazleak eta ilustratzaileak bultzatzeko eta ezagutarazteko egitasmo bat jarriko du martxan Ibarrako Udalak datozen hiru egunetan. Irati Garmendia Aranburu idazleak eta Ane Arzelus Rodriguez ilustratzaileak Xomorro lapurra liburua argitaratuko dute, eta horren harira, erronka bat proposatu dute 6 eta 12 urte neska-mutilentzat: zomorro bat marraztea. Nola, ordea?

Gaurtik hasita hiru bideo argitaratuko ditu udalak, esteka bidez, gida moduan: lehenik, ipuin bat kontatuko du Garmendiak gaur; bigarrenik,  ipuinarekin lotutako ilustrazioak nola egin erakutsiko du Arzelusek bihar; eta, azkenik, apirilaren 21ean, haurrei erronka aurkeztuko diete: marraztu dezatela zomorro bat.

Egiten dituzten marrazkiak Ibarrako Kultur etxean entregatu beharko dituzte apirilaren 22tik 29ra. Marrazkiari izena jarri eta izen bera duen gutun-azal batean parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa jarri beharko dituzte, eta guztia Kultur etxean utzi beharko dute.

Maiatzaren 4tik 13ra aurkeztutako marrazki guztiekin erakusketa bat jarriko dute kultur etxeko areto nagusian, eta azken egunean, Garmendiak Xomorro lapurra liburuaren hiru ale zozketatuko ditu parte hartu duten guztien artean.​

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!