Berdintasun plana lantzeko bilera egingo dute apirilaren 21ean Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 12a, 18:00

Bilera hurrengo asteazkenean, apirilaren 21ean, 18:30ean izango da, udaletxeko pleno aretoan. Bertaratzeko asmoa duenak aurrez izena eman beharko du.

Ibarrako Berdintasun planaren inguruan hitz egiteko bilera irekia deitu du udalak.  18:30ean izango da, udaletxeko pleno aretoan eta hainbat gai jorratuko dituzte: batetik, I. Berdintasun Planaren ebaluazioa egingo dute, eta, bestetik, II. Berdintasun Plana diseinatzen hasiko dira. Parte hartzeko beharrezkoa da joateko asmoa baieztatzea, aurretik, mezua bidaliz berdintasuna@ibarra.eus helbidera. 

Urteak atzera eginda dator Ibarrako Udalak gizon eta emakumeen berdintasunarekiko duen konpromisoa. Lanketa horrek gizon zein emakumeek eskubide berdinak edukitzea du helburu, eta apustu horretatik hainbat tresna sortu dituzte: I. Berdintasun Planaren diseinua, Indarkeria Protokoloaren lanketa eta Feminismo eta Aniztasun sailaren sorrera, besteak beste.

Berdintasun Planak udala gidatzeko tresnak direla gogoratu du udalak. Horien bidez, lau urteko epean eta herriko errealitatea ardatz hartuta, "erronkak identifikatu eta aurrera eramaten" ari dira. 2016an egin zuten I. Berdintasun Plana 2016-2020 epealdirako. Datorren asteko bileran, plan hura eta haren aplikazioa ebaluatu eta hurrengo urtetarako plana egiten hasiko dira.

Prozesua hasi berri dute, beraz, eta hurrengo hilabeteetan horretan lanean arituko da udala. Prozesuaren amaieran, Ibarrako II. Berdintasun Planaren aurkezpen publikoa egingo da herritarren aurrean.

Hurrengo urteetarako herriko politika feministaren bide-orria izango den II. Berdintasun Plana egiteko prozesuan murgiltzeko "prest eta gogoz" dago Ibarrako Udala. Prozesu horretan Farapi Kooperatibako kideak izango ditu aholkulari eta bidelagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!