Haurrentzat bi ikuskizun prestatu dituzte Pazko asterako

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 30a, 19:00

'Futbolariak eta printzesak' antzezlana eta 'Eureka!' ikuskizuna izango dira, hurrenez hurren, apirilaren 6an eta 8an, Belabieta kiroldegian. Aurrez gonbidapena jaso beharko da.'

Bereziki haurrei eta gazteei zuzendutako egitarau berezia prestatu du Ibarrako Udalak Pazko asterako. Bi emanaldi antolatu dituzte,eta lehena apirilaren 6an izango da, 17:00etan Belabieta kiroldegian: Futbolariak eta printzesak antzezlana. Emanaldia sei eta hamalau urte bitartekoei dago zuzenduta. Beste emanaldia, Eureka! antzerkia, magia eta ilusionismo ikuskizuna, apirilaren 8an izango da, hau ere 17:00etan, Belabieta kiroldegian, sei eta hamabi urte bitartekoentzat.

Emanaldietarako gonbidapenak aldez aurretik kultur etxean eskuratu beharko dira. Edukiera murriztua izango dute emanaldiek eta eserlekuak zenbakituak izango dira. LH4 mailatik beherako haurrek heldu batekin bertaratu beharko dutela argitu du Ibarrako Udalak.

Apirilak 6, asteartea: Futbolariak eta printzesak antzezlana

Topiko sexistekin hautsi nahi duen komedia azkarra. Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailtzen duten egoerak umorez agerian utziko dituzte, antzerki-jolasa eta musika lagun dutela. 

  • Odei eta Lur klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Lurrek, Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen. 

Barrea mundua iraultzeko modurik ederrena izan daiteke, sekula samurtasuna ahaztu gabe, gure sentimenduek egiten baikaituzte aske. Eta horixe izan nahi dute, hain zuzen ere, Lurrek eta Odeik, libre, nahi duten hori adierazi, bizi eta sentitzeko, inposaketa eta etiketa sexistarik gabe mundu aske batean.

Apirilak 8, osteguna: Eureka! antzerkia, magia eta ilusionismo ikuskizuna

  • Eureka! Antzerkia, magia eta ilusionismoa uztartzen dituen ikuskizuna muntaia harrigarri batekin, haurrek eta ez hain haurrek asmakizunen eta zientziaren munduan interesa bereganatuko du. Gargot irakaslea eta Ladelai magoa izango dira ikuskizun dibertigarri eta ero hau publikoari ezagutzera emateaz familia osoak gozatuko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!