Helmugan irabazle, sailkapenean bigarren

Ataria 2021eko martxoaren 29a

Unai Iribar eta Asier Etxeberria, Gorlako Igoera probaren helmuga zeharkatzen. JULEN IRIONDO/GOIENA

Unai Iribar txirrindulari ibartarra bere taldekidea den Asier Etxeberriarekin batera helmugaratu da Gorlako Igoera proban, sailkapen ofizialen bigarren geratuz.

Ez da ohikoa izaten txirrindulari proba batean bi txirrindulari eskuak elkarrekin igota iristea helmugara, garaipena ospatzen. Asteburuan horixe gertatuta da Bergarako Gorla Igoera proban, eta protagonistak Unai Iribar ibartarra eta Asier Etxeberria izan dira. Biak dira Caja Laboral taldeko txirrindulariak eta biak iritsi ziren ihes eginda. Ez zuten garaipena lehiatu, baina sailkapenean norbait izan behar zuen lehenengoa, eta Etxeberria izan zen probaren irabazlea.

Bi talde oso indartsu falta ziren Gorlako Igoeran, Lizarte eta Caja Rural, eta horrek Laboral Kutxaren nagusitasuna ekarri zuen. “Gure taldea zen probako erreferentzia, nolabait lasterketaren ardura eraman zuena, eta alor horretan taldeak bikain egin zuen lan, uneoro kontrolpean emanez”, esan du Iribarrek. Azkenekoz Gorla igotzen ari zirela, bi txirrindulariek ihes egin zuten, eta batera iritsi ziren. “Bietako zeinek irabazi azkenean gutxienekoa da. Taldearen garaipena izan zen, egun guztian zehar ondo lana egitearen emaitza”, aipatu du ibartarrak. Hurrengo proba ostegunean izango dute, Durangon.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!