Txapela janztea lortu dute Ibarra taldekoek

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 29a, 13:21

Zortziko modalitatean, txapelketa mistoan lortu dute irabaztea, denboraldiari amaiera “ezin hobea” emanez.

Ibarra sokatira taldekoak bigarren izan dira denboraldi honetan jokatu dituzten zortziko txapelketetan, emakumekoetan zein gizonezkoetan. Beti Gazte izan dute aurretik. Larunbatean zuten azken aukera txapela janztekoa, txapelketa mistoan, eta lortu zuten. Txapelketa guztiak bezala, larunbatekoa Getxoko Fadura kiroldegiko frontoian egin zen. Bost talde lehiatu ziren, eta Ibarra izan ezik, beste guztiak nafarrak: Txantrea, Antsoain, Beti Gazte eta Berriozar. Ibarraren ondoren, Beti Gazte sailkatu zen eta Txantrea izan zen hirugarren postuan. 

“Lan txukuna egin genuen, oso ondo aritu ginen”, esan du Oihane Sarasola Nosellasek, Ibarra taldeko sokatiralariak. “Talde bezala lehenengo aldia zen tiratzen genuena. Urtero talde misto ezberdina izaten da, eta entrenatzen ere beranduago hasten gara, neskak eta mutilak bakoitzak bere aldetik aritzen garelako batez ere”. Hasieran kostatu zitzaien elkar hartzea. “Taldea polita eta indartsua zen, baina elkar hartzen oso urduri ginen. Beroketetan ere hasieran ezin arrankaturik geunden”. 

Zozketa txukun tokatu zitzaiela esan du Sarasolak: “Lehenengo tiraldia Txantrearen aurka izan genuen, eta ondo joan zen. Gero Berriozar izan genuen aurkari, eta gero eta hobeto joan ginen taldekideak elkar hartzen”. Beti Gaztearen aurkako izan zuten hurrengoa. “Tiraldi erabakigarria zen hori”, gaineratu du Sarasolak. “Lehenengoa hiru minutukoa izan zen. Bigarrena bi minutu ingurukoa. Lehenengoan oso gustura aritu ginen tiratzen eta gero bere emaitzak izan zituen. Talde bezala bloke bat ginen, oso ondo moldatuz. Beti Gazte orain arte bloke bat izan da eta ondo aritu da, baina larunbatean ezinean bezala zeudela nabaritzen zen. Haiek akatsen bat egiten zuten eta guk aprobetxatu egiten genuen”. Lehenengo tiraldian hiru falta egin zituzten Beti Gaztekoek eta horrela irabazi zuten Ibarrakoak, soka ekarriz irabazteko gutxi falta bazitzaien ere. Bigarrengo tiraldian soka ekarriz irabazi zuten. 

“Oso pozik” daudela gaineratu du Sarasolak: “Denboraldia bukatzeko opari bat izan da. Denboraldia gogorra izan da, asko entrenatu dugu, eta beste txapelketatan lortutako zilarrezko dominarekin gustura gaude, baina txapela etxera ekartzea beste poztasun bat da. Denboraldi bukaera ezin hobea izan da”. Pena izan dute ez dutela ospatu ahal izan bestetan bezala, elkarrekin afari bat eginez: “Bakoitza etxekoekin joan da ospatzera, garai honetan horrela tokatu da eta”. 

ARGAZKIAK: POTRONKO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!