Unai Iribar laugarren izan da Lizarran

Ataria 2021eko martxoaren 23a

Unai Iribar, helmugara iristen, tropela atzean duela. XABAT LAIGLESIA

Abiatzen Torneoaren barruan dago Lizarrako proba, eta txirrindulari ibartarrak azaldu duenez, «lasterketa gogorra» izan da.

Iribarrek gaineratu duenez, «nahiko distantzia zuen, 140 kilometro inguru, eta maldan gora metro dezente zituen. Horrez gain, gogortasuna batez ere haizeak jarri zuen, hasieran tentsio handia izan zen tropelean, eta 80-100 kilometro inguruan abanikoak izan ziren, eta lasterketa erabat apurtu zen».

Hamabost txirrindulari inguru aurrera joan ziren, tartean Iribar zela. Lezauneko portua pasata, hiru txirrindularik ihes egin zuten, tartean Laboral Kutxako taldekide bat. «Zorte txarra izan zuen, aurrean sartu genuen txirrindulariak kalanbreak izan zituelako», adierazi du Iribarrek. Azken portuan tiratzen jarri ziren, eta Iribarrek ihes egin zuen, bere atzetik Lizarte taldeko txirrindulari bat zuela. Aurreko bien artean beste Lizarteko txirrindulari bat zegoenez, ez zion erreleborik ematen Iribarri eta gero malda batean ihes egin zion.

Azkenean, lehenengo biek esprintean erabaki zuten garaipena, Tobias John Ronald Perryk irabaziz. Hirugarrena segundo batzuk geroago iritsi zen, eta Iribar tropela baino metro batzuk lehenago helmugaratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!