LED argiteria jartzen jarraituko du Ibarrako Udalak

Ataria 2021eko martxoaren 16a

Kaleak LED argiz hornitzen ari dira eta udal eraikineko argiteria ere aldatzen ari dira egunotan; urtean 6.120 euro aurreztuko ditu udalak egindako aldaketekin. 

Hainbat urte daramatza Ibarrako Udalak kale argiterian LED teknologia jartzen. Joan den urtean Okobio 18, Julian Gaiarre 29 eta Euskal Herria 33 kaleetako argiteria aldatu zuen, eta aurten ere lan horiek egiten jarraituko du.

2020. urtean egindako aldaketarekin, urtean 6.120 euro aurreztuko ditu udalak energian. Kale argiteria aldatzeaz gain, udaletxeko argiztapena ere LED argietara aldatzen ari dira. Igor Zapirain alkatearen hitzetan, beharrezkoa da aldaketa horiek egitea: "Garrantzitsua da honelako berrikuntzak egitea. LED argiak ekonomikoki errentagarriagoak izateaz gain, energia asko aurreztea ahalbidetzen digute. Arduraz jokatu behar dugu energiarekin; guztion betebeharra da ingurugiroa zaintzea ". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!