Beti Gazteren atzetik berriro

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 15a, 17:01
Ibarra sokatira taldekoak, esfortzu bizian, larunbatean. POTRONKO

Ibarrako sokatira taldeak bigarren egin du emakumezkoetan, pisu baxuenean, 500 kiloetan. Aurreko asteburuan bezala, orduan 540 kilotan, Beti Gazte nafarren atzetik geratu dira. 

Guztira bost talde aritu ziren lehian larunbatean, Getxon, Euskal Herriko Sokatira Txapelketan. Emakumezkoen 500 kiloko mailaren txapela zegoen jokoan, eta Ibarra saria etxera ekartzeko asmoz joan zen. Baina, aurreko asteburuan bezala, harri berarekin egin zuen topo: Beti Gazte. Bigarren egin zuen Ibarrak, beste talde guztien aurkako tiraldiak irabazita, baina Beti Gazteren aurkakoak galdu egin zituen. Hirugarren Txantrea izan zen, laugarren Badaiotz eta bosgarren Berriozar. Antsoain parte hartzekoa zen, baina Covid-19aren neurriengatik ezin izan zuen joan Getxora.

“Oso lehiaketa polita izan zen”, azaldu du Ibarra taldeko Ainara Otamendi tiratzaileak. “Bigarren postuan geratu ginen, baina akaso aurrekoan baino gehiago lehiatzeko aukera izan genuen, eta Beti Gazteri pixka bat gerra gehiago emateko aukera izan genuen. Hala ere, erakutsi zuten indartsu zeudela eta berriro ere bigarren postuarekin konformatu behar izan dugu”. 

Emakumezkoetan bi maila dituzte eta, beraz, bukatu dituzte goma gaineko txapelketak. Larunbat honetan gizonezkoen txanda izango da, 600 kiloko mailan, eta horrekin beraien parte hartzea amaituko da. Horren ondoren, Ibarrak txapelketa mistoan parte hartzeko asmoa du, eta hori martxoaren 27an izango da. Txapelketa mistoan lau emakumezkok eta lau gizonezkok parte hartzen dute talde bakoitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!