Ioseba Mateos igerilariak proba garrantzitsuak ditu jomugan

Ataria 2021eko martxoaren 11

Ioseba Mateos Mateos ibartarrak, Ordizia KE-ko absolutu eta master mailako igerilariak, aurtengorako erronka garrantzitsuak ditu itsas zeharkaldiei dagokienez.

Ultra distantziako probetan igeri egiteko asmoa du, eta lehenengoa ekainaren 19an izango du, IX. Batalla de Rande izenekoa. Cies irletatik San Simon irlaraino da proba, 27 kilometrokoa zehazki. 2019an lorturiko denbora 6 ordu, 58 minutu eta 22 segundokoa izan zen, eta zeharkaldi tradizionalean 14. postuan helmugaratu zen. «Aurten 6 ordu eta 45 minutu azpitik igeri egitea eta sailkapena hobetzea izango da nire erronka nagusia proba horretan», esan du Mateosek.

Hurrengoa uztailaren 31n izango da, X. UltraEbre Swim Marathon igeri zeharkaldia, hain justu. Tivenys eta Amposta arteko proba da, eta 31 kilometro ditu. «21 egun bakarrik izango ditut Batallatik nire aktibitate fisiko eta mentala berreskuratzeko», zehaztu du Mateosek. «Erronka 5 ordu eta 5 ordu eta 15 minutu inguruan igeri egitea izango da nire lehen partaidetzan. Probaren lehen zatian korrontea alde izango dugu eta beste erdian aurka».

Hirugarren erronka irailaren 4an izango du, VI. Triple Corona Illas Atlanticas izeneko igeri zeharkaldia, Ons eta Combarro artean. 23 kilometroko distantzia du eta sei ordu inguruan bukatu nahi du. Hirugarren proba izango da Triple Corona deritzona lortzeko, hiru urtetan bananduta guztira 57 kilometro eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!