Azken 15 egunetan gora egin du positiboen kopuruak Ibarran. Urtarrila lasai samar joan zen eta 16 positibo atzeman zituen Osasun sailak hilabete osoan zehar. Otsailean goranzko joera hasi zen ordea; izan ere, 45era igo zen kopurua eta martxoko lehen 8 egunetan 25 dira jada positibo eman duten herritarrak. Intzidentzia tasa 1.021,83koa da eta udal taldea kezkatuta dagoela esan du Igor Zapirain alkateak, «pandemia hasi zenetik unerik okerrenean baitago Ibarra».
«Herria horrela dago, baina gehien kezkatzen gaituena da eskualdeko gainontzeko herriak eremu horian daudela eta ez dugula zabaltzerik nahi. Nahiz eta guri iruditu Ibarrako positibo horiek oso lokalizatuta daudela, gainontzeko herriekiko errespetuz edo horiek babesteko neurriak hartu behar direla uste dugu». Bakoitzak hartu ditzakeen neurriak udaletik behin eta berriz nabarmendu direnak dira; musukoa erabiltzea, pertsonen arteko distantziak mantentzea, eskuak garbitzea, jende pilaketak saihestea... «zentzuz jokatzea», azken finean. Baina udalak beste pauso bat eman du eta Osasun sailarekin jarri da harremanetan herrian baheketa bat eskatzeko. Gaur goizean egin du eskaera, eta momentuz ez du erantzunik jaso.
Bada herriko egoeraren neurria hartzeko baliagarria izan daitekeen beste aldagai bat ere; Ibarran ikastetxe bakarra dago, Uzturpe ikastola, eta bertan ikasgela asko egon dira konfinatuta. Alkateak lasaitasun mezua bidali du, hala ere: «ikastolako kasuak lokalizatuta daude, kezka beste zerbaitek sortzen digu; ikasle horien senitartekoak, esaterako, beren lanera joango dira, eta ondorioz, zabalpen bat eman daiteke».
Gaur jakin da Legorretan 40 eta 80 urte arteko herritarrei zuzendutako baheketa egingo duela Osasun sailak, eta Ibarran antzeko zerbait egitea eskatzen dute; «Osasun sailak jakingo du nola egin behar den, baina guri iruditzen zaigu ikastolako haur eta gazte asko daudenez konfinatuta adin tartea zabaltzea komeni dela. Ustez dena dago kontrolpean, baina egon daitezke asintomatikoak eta horrek kezkatzen gaitu», esan du alkateak.