Oraingoz bigarren postuarekin konformatu behar

Imanol Garcia Landa 2021eko martxoaren 8a

Bigarren postuarekin konform 1 1615214296896
Bigarren postuarekin konform 2 1615214297635
Bigarren postuarekin konform 3 1615214298298
Bigarren postuarekin konform 4 1615214298580

Euskal Herriko Sokatira Txapelketari hasiera eman diote asteburu honetan, goma gaineko zortziko modalitatean, eta bertan izan dira Ibarra taldeko emakumezkoen zein gizonezkoen taldeak.

Guztira hiru probatan parte hartu dute, emakumezkoek batean eta gizonezkoek bitan, eta denetan bigarren postuarekin konformatu behar izan dute, hain justu, Beti Gazte taldearen atzetik hiruretan. 

Emakumezkoen taldeak pisu handienean, 540 kilokoan, lehiatu zen larunbatean. “Gustura geratu ginen bigarren postuarekin”, esan du Ainara Otamendi taldeko kideak. “Beti esaten da, behin bigarren postua lortuta, txapela hain gertu ikusita, arantzatxo horrekin geratzen zarela. Gu 500 kilotan ginen, eta bagenuen beldur hori, ea zer moduz moldatuko ginen. Baina ondo moldatu ginen, eta sentsazio onekin itzuli ginen, eta hurrengo pisurako gogoz”. Beti Gazte izan zen irabazlea, eta hirugarren postuan Badaiotz sailkatu zen.

Larunbatean bertan lehiatu ziren gizonezkoak, pisu handienean ere, 680 kilokoan. Beraiek eta Beti Gazte taldekoak bakarrik lehiatu ziren, eta ibartarrek ezin izan zuten irabazi. “Tiraldi lehiatuak izan ziren, baina gureek ezin izan zuten garaipena eskuratu”, esan du Otamendik. Igandean mutilak bakarrik lehiatu ziren, kasu horretan, 640 kilotan. Beti Gazte izan zen garaile, ondoren Ibarra eta hirugarren Txantrea izan zen.

Egun bakarrera jokatzen ari dira txapelketak, hau da, zuzenean finala jokatzen dute, eta ez dago ligaxkarik, beste urteetan izaten den modura. Lehia guztiak Getxoko Fadura kiroldegian egiten ari dira. Asteburu honetan emakumezkoek beste txapelketa bat izango dute jokoan, larunbatean hain justu. 500 kiloko kategorian izango da, eta oraingoan ibartarrek aukera gehiago izan ditzakete txapela janzteko. 

Argazkiak: Ane Zubelzu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!