Koronabirusa

Ibarran baheketa egitea aztertzen ari da udala

Ataria 2021eko martxoaren 6a

Igor Zapirain alkateak azaldu duenez, "ikusita azkeneko bi asteetan izan den bilakaera Ibarran, udala aztertzen ari da departamendu epidemiologikoarekin harremanetan jartzea, baheketa bat eskatzeko herrian".

Ibarra eremu gorrian dagoen Gipuzkoako hiru herrietako bat da. Atzo jasotako datuen arabera, bost positibo berri izan ziren, eta, beraz, azken hamabost egunetako tasa 1.045ekoa da. Bestalde, Ibarrako osasun eremuak 7o1eko tasa du. "Zifrak oso altuak dira, eta alderatuta inguruko herriekin, beraiek askoz baxuago daude", zehaztu du Zapirainek. "Iruditzen zaigu baheketa bat eginez herrian, asko geldituko zela. Gehienbat beste herrietara ez zabaltze arren nahiko genuke neurria hartu. Tolosa, adibidez, eremu horian dago, eta gainontzeko herri guztiak ere horian daude, eta, esan bezala, ez zabaltzeko asmoz egingo litzateke". Astelehenean jakingo dira asteburuan jasotako datuak, eta horren arabera hartuko du Ibarrako Udalak departamendu epidemiologikoarekin harremanetan jartzeko erabakia.

Aurretik ez da baheketarik egin Ibarran. Tolosan egin zutenean, Nekane Murga orduko sailburuak bilera batera deitu zuen Ibarrako alkatea, baina azkenean erabaki zen herrian ez egitea. "Orduan udal barneko protokolo bat egin genuen, egunen batean baheketa egin beharko balitz prest izateko", esan du Zapirainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!