Unai Iribar hirugarren izan da Colindresen

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 4a, 14:39
Unai Iribar, ezkerrean, Colindreseko proban egindako esprinean.

Unai Iribar Laboral Kutxa taldeko txirrindulari ibartarrak hirugarren postua lortu zuen igandean Kantabrian egin zen Colindreseko proban, 39. Juan Manuel Santisteban Oroimenezkoan. Lizarte taldeko Ivan Cobok irabazi zuen, ihes eginda iritsiz, eta ondoren esprintean bigarren postua lortu zuen Iribarrek.

Lasterketa «oso gogorra» izan zela dio txirrindulari ibartarrak: «Garai hauetarako normalean ez ditugu egiten hain desnibel handiko probak. Ondo aurkitu nuen nire burua, uste baino hobeto». Colindresekoa Espainiako egutegiko proba bat da, eta estatuko txirrindularitza afizionatuko talde eta txirrindulari onenetarikoek parte hartu zuten.

Larunbatean Zumaian parte hartu zuen, eta bertan erorikoa izan zuen. «Taldeko esprinterrarentzat lana egiten ari ginela, tropeleko tentsio horretan, azken hamar kilometrotan erorketa batek harrapatu ninduen», esan du Iribarrek. Ez zuen zauririk ez kolpe handirik izan, eta hurrengo egunean Colindresen maila ona eman ahal izan zuen.

Neguan oso ondo entrenatu eta sentsazio oso onekin aritu dela esan du Iribarrek. Lehenengo lasterketetan ondo aritu zen, baina gero birus bat hartu eta gastroenteritisarekin astebete pattal egon zen. «Pare bat aste behar izan nituen berreskuratzeko. Ikusi dut asteburuan nahiko ondo eman diodala buelta gorputzari. Sasoi onean nago, berriro probak lehiatzeko moduan».

Denboraldi hasieran, Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin Valentziako klasikoan parte hartu ahal izan zuen, profesionalekin lehiatuz. Horrez gain, Iparraldean bi lasterketetan parte hartu zuen, 14. eta 5. postuak lortuz. Hurrengo proba martxoaren 14ean izango du, Aiztondo Klasikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!