Maialen Muñoz 46.a izan da Espainiako Kros Txapelketan

Ataria 2021eko martxoaren 1a

Maialen Muñoz, Espainiako Kros Txapelketa jokatu den zirkuituan.

Zirkuitu gogor bati egin zioten aurre atletek. Muñozentzat esperientzia «gazi-gozoa» izan da.

Lehen aldiz parte hartu du Maialen Muñoz atleta ibartarrak Espainiako Kros Txapeketan, eta 46. postua lortu du absolutu mailan, seigarren postua lortuz taldeka EAErekin. Tolosa CF-ko atletak azaldu duenez, esperientzia «gazi-gozoa» izan da.

Igandean jokatu zen proba, Getafen (Espainia), eta zirkuitu bati bost itzuli egin behar zizkioten. Lehenengo bi itzulietan sentsazio onekin hasi zen Muñoz, baina hirugarrenean tripako minekin eta barearekin hasi zen. «Hortik aurrera dezente sufritu nuen, eta ezin izan nuen hasierako erritmoan joan», esan du Muñozek. «Azkeneko bi itzulietan helburua bukatzea izan zen. Horregatik pixka bat gazi-gozoa izan zen sentsazioa: alde batetik, talde bezala emaitza polita lortu dugulako, eta, bestalde, pertsonalki ez nintzelako hain gustura geratu egindako lasterketarekin».

Talde bezala seigarren geratzearekin «kontentu» daudela esan du Muñozek. «Taldeko lehen biak, Majida Maayouf [5. izan zen] eta Elena Loyo [23. izan zen], oso maila altuko korrikalariak izanik, asko lagundu zigun postu hori lortzen».

Oso zirkuitu gogorrarekin egin zuten topo atletek. Larunbatean iritsi ziren EAEko taldekideak Getafera, eta zirkuitua ikusi ondoren, «beldur pixka bat» sartu zitzaien. «Nik nire esperientzi gabeziatik hitz egin dezaket, baina kros lasterketa bat baino gehiago trial lasterketa bateko zirkuitua zen, oso gogorra». Aldapa oso gogorrak zeuden, eta horietako batek %17ko portzentajea zuen. Horrelako aldapetan ez zutenez entrenatu, bazekiten gogorra izango zela.  Behin proba hori jokatuta, Muñoz berriro ere pistako probetan zentratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!