Saharari buruzko argazki erakusketa bat muntatuko dute Ibarrako hainbat kaletan, bihar

Ataria 2021eko otsailaren 26a

Sahara Libre zikloko azken ekimena da erakusketa eta martxoan zehar egongo da ikusgai.

Sahara Libre zikloari amaiera emateko kale erakusketa bat antolatu du Ibarrako Udalak. Asteburu honetan argazkiak muntatuko dituzte eta ikusgai egongo dira martxoa osoan zehar. Erakusketak Mendebaldeko Sahara erakutsiko du emakumeen begiradatik eta Javi Julio argazkilariak ateratako irudiek osatuko dute. 

Muntaketa Ibarrako hainbat eragilek egingo dute, eta bihar hainbat hitzordu egin dituzte muntaia egin ahal izateko. 10:30ean Izaskun auzoan elkartuko dira, bertako hainbat auzotarrekin; 11:15ean Uzturpe Ikastolaren txanda izango da eta ikastetxeko hainbat ikasle ariko dira;  12:00etan herriko plazan Hauspoa elkarteko kideak ariko dira; 12:45ean Txumitxa elkartean Deabruak Kalera Asanblada Feministako kideak elkartuko dira; eta 13:30ean Euskal Herria kale hasieran, Alurr dantza taldekoek egingo dute ekarpena. Guztira bost mural egingo dituzte eta, argazkilariak gidatuta, irudi handi bat muntatuko dute bakoitzean.​

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!