M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Libarratoia egitasmoa antolatu dute, Ibarrako emakumeentzat

Ataria 2021ko ots. 24a, 07:59

Argazkilaria: Amaia Pagola

Ibarrako Deabruak Kalera asanblada feministak antolatu du egitasmoa; Lilatoian bezala, Libarratoian ere 5 kilometro osatu beharko dira martxoaren 5etik 8ra bitartean.

Martxoaren 8aren bueltan, Lilatoia ospatu ohi da Donostian. Aurten, ordea, egoerak behartuta, ezingo da betiko moduan egin, eta norbanako bakoitzak bakarka egitea proposatu dute. Proposamen horri tiraka, Ibarrako Deabruak Kalera asanblada feministak Libarratoia egitasmoa antolatu du.

Martxoaren 5etik 8ra bitarte, korrika, bizikletaz edo oinez egiteko 5 kilometroko bi ibilbide prestatu dituzte. Ibilbide bat herri barrutik egiteko prestatu dute, herriko kaleak zeharkatuko dituena, "irisgarria eta erraz egitekoa"; eta bestea, berriz, herri inguruko mendietan barrena izango da.

Asanbladako kideek ibartar emakume guztiak animatu nahi dituzte egitasmoan parte hartzera: "Erronka bat jarri dugu egitasmorako: ea 100 herritar animatzen diren. Izan ere, iazko Lilatoian Ibarratik 50 emakume inguru joan ginen Donostiara, eta aurten, herrian bertan egiteko aukera izanda, gutxienez bikoitza izatea nahiko genuke".

Parte hartu nahi dutenek, honako hiru leku fisikotan eman ahalko dute izena: kultur etxean, Goxobi goxoki dendan eta Oramahai okindegian. Edo bestela, labur.eus/libarratoia web orrian formularioa bete daiteke. Izena ematen dutenei ibilbideen nondik norakoak eta argibideak bidaliko zaizkie, eta argibide horien artean Lilatoian izena emateko aukera ere eskainiko da. Asanbadatik zehaztu dute, ordea, bi egitasmoak, hau da, Libarratoia eta Lilatoia bateragarriak direla, baina Libarratoian parte hartzeko ez dagoela zertan Lilatoian izena eman. "Libarratoia doakoa izango da eta antolatzaileok ez ditugu parte hartzaileen denborak bilduko".

Hori bai, Lilatoian izena ematen duenak aplikazio bidez erregistratu ahalko du ibilbidea osatzeko behar izan duen denbora.

Sari eta guzti

Libarratoian parte hartzen duten guztien artean, Ibarrako Merkatarien Elkarteak 25 euroko 6 erosketa txartel zozkatuko ditu. Zozketan parte hartzeko, eskaera bat egin du antolakuntzak: "Ibilbidea egiten ari diren bitartean argazki bat ateratzeko eskatu nahi diegu eta Instagramera igotzeko, argitalpenean @deabruakaf aipatuz. Eta Instagramik ez duenak, deabruakkalera@gmail.com helbidera bidali dezala".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!