4.674.064 euroko aurrekontua onartu du Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 3a, 11:59

2023ra bitartean egiteko inbertsioetarako plan bat ari dira osatzen; aurten, besteak beste, piperraren ibilbideari jarraipena emango diote, aisiarako gune berde bat egokituz.

Ibarrako Udalak azaroaren 12an eginiko ohiko osoko bilkuran onartu zuen 2021erako aurrekontua, oposizioaren aldeko botoekin. Zehazki, 4.674.064 euroko poltsa izango dute urte amaierara bitarte; iazkoa baino 512.967 euro gutxiago izango dituzte aurten. Igor Zapirain alkateak zehaztu duenez, gizarte zerbitzuei "lehentasuna" eman diete, haiek "behar bezala bermatu" ahal izateko.

Iazko maiatzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsari dagokionez iragarritako murrizketa dela eta, diru laguntzak %15ean murriztu behar izan zituztela zehaztu du Zapirainek. Hala ere, aurten, diru laguntzak "ahalik eta gehien mantentzen" saiatu direla esan du.

Inbertsioetarako diru "gutxi" geratu zaiela ere azaldu du. Martxoan egingo dute kreditu aldaketa, ordea, eta orduan zehaztuko dute zein proiekturekin hasi. Izan ere, inbertsioetarako legealdi plan bat egitea aurreikusi dute. 2023ko maiatzera bitarteko proiektuak zehaztu nahi dituzte: "Momentuz zehazten ari gara aurten zer egin eta datozen urteetan zer; gainera, ikusi egin beharko dugu ze diru kantitatez ari garen hitz egiten, ea denbora izango dugun guztia egiteko eta daukagun pertsonalarekin gai izango ote garen lan horiek aurrera eramateko".

Egin nahiko lituzketen proiektuak buruan darabiltzatela aitortu du alkateak, baina lehenik garatu egin nahi dituztela, eta ondoren herritarrekin "partekatu, herriak erabakitzeko". Herritarrekin batera, parte hartze prozesuen bidez egin nahi dituzte hurrengo proiektu nagusiak, "haien proposamenak eta iritziak biltzeko".

AURTEN EGITEKOAK

Dagoeneko lotuta dituzte 2021ean egiteko hainbat inbertsio. Batetik, aurreko urteetatik hasita duten piperraren bideari jarraipena emango diote. 3,5 kilometro inguruko ibilbide zirkular bat prestatu dute, plazan hasi eta plazan amaitzen dena. Bidean zehar lau panel informatibo jarriko dituzte: "Informazioa eskaintzeaz gain, QR kode bat ere izango dute panel horiek, eta piperrarekin zerikusia duen informazio baliagarria eskainiko dute, besteak beste, ekoizleen inguruan edota produktuen inguruan". Ibilbidean zehar banku batzuk jartzea ere asmoen artean dute, eta bideko gune batean, zehazki Uzturpe ikastola ondoko zelaian, gune bat egokituko dute, "merendero bat", familia eta lagunen artean barbakoa egin ahal izateko. "Ibilbidea amaitu eta gero han bertan mokadu bat egiteko aukera izango da aurrerantzean", zehaztu du Zapirainek.

Herriaren "onurarako" diren proiektuak egin nahi dituztela esan du Nagore Zubillaga zinegotziak: "Azken aldian, pandemia egoerak bultzatuta, herrian gehiago ibiltzen gara eta herritarrentzako aisialdi gune batzuk sortu nahi ditugu; bide batez, herritarrak beraien herriko bazterrak ezagutzeko aukera izatea ere nahi dugu".

Bestetik, Izaskun auzotik Uzturrera doan bidea konpondu nahi dute eta ur bideak ere txukundu nahi dituzte. "Basoan entresaka egitean, bidea izorratu egin da, eta gainera, urteak daramatza konpondu gabe", zehaztu du Zapirainek. Urak irekitzen dituen bideak leunduko dituzte, eta hori egiteko, urak bideratzeko beharrezko lanak egingo dituzte.

Mendiari eta bereziki ingurumena zaintzeari lotuta, hondakin sakabanatuak biltzeko enpresa bat kontratatu dute, Urzain taldea hain zuzen. Ibarra inguruko mendi eta erreka zuloak garbituko ditu enpresa horrek: mendian botata dauden etxetresnak, plastiko zatiak... Ur bideetan geratzen diren zaborrak ere bilduko dituztela azaldu du alkateak. Era berean, mendietako iturri naturalak «berreskuratu eta mantendu» ere egingo dituzte.

Herriko ondarean ere arreta jarri nahi du udalak. Galduta dagoen herriko ondare historikoa berreskuratzeko lanketa bat abiatu dute, eta horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri dira harremanetan.

Kale argiteriaren berritze plangintzarekin ere aurrera jarraitu nahi dutela zehaztu dute. Eta berdintasunaren alde ere lanean jarraitzeko prest daudela azaldu du Zubillagak: II. Berdintasun Plana jarri nahi dute martxan. Farapi enpresa kontratatu dute horretarako, 2019an protokoloa osatzen aritu zen enpresa bera, eta dagoeneko lanketarekin hasiak direla esan du.

ZENBAKITAN

SARRERAK
Zuzeneko zergak 1.041.500
Zeharkako zergak 25.000
Tasa eta bestelako zergak 561.074
Transferentzia arruntak 2.931.000
Ondare sarrerak 115.040
Finantza pasiboak 450
Sarreren zenbatekoa: 4.674.064

GASTUAK
Pertsonal gastuak 1.873.770
Ondasun arrunta eta zerbitzuak 1.479.478
Interesak 13.646
Transferentziak 1.083.450
Kreditu orokorra 51.510
Inbertsio errealak 68.800
Kapital transferen tzi ak 5.000
Aktibo finantzieroak 5.409
Pasibo finantzieroak 93.000
Gastuen zenbatekoa: 4.674.064

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!