Bi bigarren postu Ibarra Sokatira Taldearentzat

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 22a, 11:58
Emakumezkoen Ibarra Sokatira Taldea, asteburuan lehiatzen. POTRONKO

Emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak lauko modalitatean lehiatu dira asteburuan.

Denboraldi honetako Euskal Herriko bigarren txapelketa jokatu da asteburuan sokatiran. Lauko modalitatean, Ibarrakoek bi bigarren postu lortu dituzte, emakumezkoek 240 kilotan eta gizonezkoek 300 kilotan. Bi modalitateetan Beti Gaztek irabazi du.

Emakumezkoak aurreko txapelketa irabaztetik zetozen, baina oraingoan ez da posible izan. Aurten taldekide gehiago daude eta bi talde eraman nahi zituzten txapelketara, baina neurri berriengatik bakarra eraman ahal izan dute. Hori horrela, tiratzaileak aldatu egin zituzten txapelketa batetik bestera. Beti Gazteren aurkako tiraldia galdu egin zuten eta Antsoainen aurkakoa berdindu. Azken sailkapenera zazpina punturekin iritsi ziren Ibarra eta Antsoain eta bigarren postua erabakitzeko tiraldian Ibarrak irabazi zuen.

Gizonezkoetan aurreko txapelketako emaitza bera lortu zuten. Orduan ere Beti Gaztek irabazi zuen, eta Ibarrak bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Ibarrakoek Beti Gazteren aurkako tiraldia galdu zuten, eta beste hirurak irabazi egin zituen.

Lauko modalitatean jokatu beharreko bi txapelketak jokatu ondoren, urtarrilean hastekoak dira zortziko modalitatekoak. Asmoa dago egiteko, baina federaziotik oraindik ez dago data zehatzik jarrita. Dirudienez, lauko modalitateko txapelketak egin nahi zituzten, eta horren ondoren balantze bat egin, martxan jarri diren protokoloak nola funtzionatu duten ikusteko.

Gizonezkoen Ibarra Sokatira Taldekoak, asteburuan lehiatzen. POTRONKO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!