Ondo hasitakoari jarraipena ematera

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 9a, 11:59

Sokatira denboraldiko lehen txapelketan lehenengo eta bigarrengo postuak lortu dituzte Ibarra sokatira taldekoek; abenduaren 19an izango dute hurrengo txapelketa

Emaitza onekin hasi dute goma gaineko sokatira denboraldia Ibarra taldekoak. 4x4 modalitatean lehen postuan amaitu zuten emakumezkoek, 260 kiloko mailan, eta bigarren egin zuten gizonezkoek 320 kilokoan.

Alaitz Olano tiratzaileak azaldu duenez, «tiraldi guztiak irabazi genituen eta oso pozik gaude. Bagenekien aukerak genituela, baina bigarren egin zuen Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi izan dizkigute azken urteetan, eta aurtengoan gu hasi gara irabazten». Ibarraren ondoren, Beti Gazte, Txantrea, Antsoain eta Berriozar geratu ziren.

Gizonezkoen aldetik, Xabier Eizagirrek azaldu du aurtengo egoera dela-eta taldea nahiko murriztuta dutela: «Normalean dozena bat tiratzaile izaten gara eta aurten sei bakarrik gaude entrenatzen. Sei izanik, lauko txapelketarako ahal genuena egin genuen». Lau parte hartzaile izan ziren txapelketan, eta sailkapena ondorengoa izan zen: Beti Gazte, Ibarra, Txantrea eta Antsoain. Beti Gazteren aurkako tiraldia galdu eta beste bien aurka irabazi ondoren, bigarren geratu ziren ibartarrak. «Nahiko gustura geratu ginen emandako itxurarekin, eta ea orain zer gertatzen den hurrengo pisuetan», esan du Eizagirrek.

Aurtengo denboraldian, liga jokatu beharrean, jardunaldi bakarrera jokatuko dute modalitate bakoitza, eta bertan izango da jokoan txapelketa. Gainera, txapelketa guztiak Getxoko Fadura kiroldegian jokatuko dira. Lauko modalitateko pisu handienean aritu ziren lehen txapelketan, eta abenduaren 19an izango duten bigarren txapelketan, ondorengo pisuetan ariko dira: emakumezkoetan 240 kilotan eta gizonezkoetan 300 kilotan.

Ondoren, urtarrilean hasiko da zortziko modalitatea, eta federaziotik erabaki dutenez, hor ere jardunaldi bakarrera jokatuko dute txapelketa. Hau da, zuzenean finala jokatuko da. Gizonezkoetan lau pisutan ariko dira: 680, 640, 600 eta 560 kilotan; emakumezkoetan bi pisutan: 560 eta 540 kilotan. Horrez gain, modalitate mistoa izango dute, talde berean emakumezkoen eta gizonezkoen parte hartzearekin.

SAIORIK GABE IBARRAN

Oraingoz sei tiratzaile ari dira entrenatzen gizonezkoen taldean, eta zortziko txapelketetarako nola moldatuko ote diren ez dakite oraindik. «Ari gara beste taldekideekin hizketan ea animatzen diren zortzikorako», esan du Eizagirrek. «Bestela beste talderen bati tiratzaileren bat edo beste eskatzea izan daiteke aukera. Ez dakigu oraindik seguru». Koronabirusaren inguruan hartutako neurriak direla eta, arazoak izan dituzte tiratzaileek entrenatzera joateko.

Emakumezkoen taldean, berriz, aurkakoa gertatu da denboraldi honetan, taldekide kopuruari dagokionez. «Hiru urte daramatzat taldean, eta beti ibili izan gara taldea ezin osatuz», esan du Olanok. «Aurten lehenagotik ibilitako tiratzaile gehiago sartu dira, orain talde osatua dugu, eta nik oso indartsu ikusten dut. Beti ere, noski, hobetzeko aukera dugu». Aurten, gainera, prestatzaile fisikoarekin hasi dira. «Taldeko batek positibo eman zuelako bi astez konfinatuta egon arren, etxetik jarraitu genuen prestaketa lanak egiten».

Jardunaldi guztiak Getxon jokatuko direnez, denboraldi honetan ez da sokatira saiorik ikusteko aukerarik izango Ibarrako Belabieta kiroldegian. «COVID-19aren protokoloak kontuan hartuta, lan gehiago egin beharko genuke gure aldetik ere antolakuntzan, eta lan horretatik libratzen gara. Baina, pena bat da txapelketarik ez egitea hemen», zehaztu du Olanok. Bestalde, txapelketak egin ahal izatea ere motibazio berezia dela diote bi tiratzaileek. «Gure taldean jende gutxiago egotearen arrazoietako bat denboraldi hasieran zegoen ziurgabetasuna zen», esan du Eizagirrek. «Irailean hasten gara entrenatzen eta orduan ez zegoen garbi txapelketarik izango zen ala ez. Astean hiru egunetan entrenatzen aritzea garbi jakin gabe txapelketarik izango den, oso gogorra egiten da».

Aurrera begira, abenduaren 19rako Olanok emaitza on bat lortzeko itxaropena du. «Laukoa aldatuko da, baina denok ari gara entrenatzen», esan du. Bere aldetik, Eizagirrek azaldu duenez, «gu beti txapelaren bila joaten gara, baina badakigu Beti Gazte taldea oso indartsu dagoela, etsairik gogorrena izan dugu azken bi urteetan, eta ikusiko dugu. Gu dena emanda ari gara entrenatzen eta daukagun guztia emango dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!