88 eguzki plaka jarri dituzte Belabietan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 1a, 13:59

88 eguzki plaka jarri dituzte Ibarrako Belabieta kiroldegiko pilotalekuaren teilatuan eta bertako energia kontsumoaren %20,5 ekoitziko dute.

Ibarrako Udalak "kontsumo arduratsuaren eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritzen diren bere baloreei jarraituz", kiroldegiko pilotalekuko estalkian eguzki plakak jarri ditu. Proiektu honen bitartez, energiaren auto hornidura sustatu nahi dute, auto kontsumorako erabiliz. Energia "berdea" dela esan du udalak, CO2 isurketarik gabekoa, alegia.

Luzera begirako proiektua dela esan du, baina ematen den pauso bakoitzean aldea nabari dela esan du, udalak ahalik eta bide luzeena egiteko konpromisoa hartu baitu. "Herriko energia kontsumoa, horrek eragiten duen CO2 emisioa, zein gastua murrizteko" asmoz egin dutela esan du.

Maiatzean hasi ziren eguzki plakak jartzeko azterketarekin. Udaletxean, kiroldegian, kultur etxean eta ikastolan ere egin zen azterketa eta momentuz, kiroldegiko pilotalekuaren teilatuan ezarri dira 88 eguzki plaka", azaldu du.

Kalkuluen arabera, 25 kW-ko instalazio bat egin da, 88 plakak osatuta eta bakoitza 315 Wp-koa da, 27.720 Wp osatuz guztira. Instalazioak 143,2 m2-ko azalera fotovoltaikoa hartzen du guztira. Honela, kalkuluen arabera, proiektatutako instalazio fotovoltaikoaren bidez eraikinaren kontsumo osoaren %20,5 ekoitziko da, atmosferara CO2 isurtzen ez duten iturri garbiekin.

Herriko energia kontsumoa murrizteko egitasmoa

Ibarrako Udalak, herriko energia kontsumoa murrizte bidean, laster beste egitasmo bat ere martxan jarriko du. Etorkizunera begirako proiektu bat da hori ere, baina eraikin publikoetako fakturak aztertzean egongo da gakoa, kontsumoa ezagutzeko eta zertan gastatzen den gehiago edo gutxiago aztertzeko."Honela, behin datuak izandakoan, tarifetan moldaketak burutuko dira eta fakturetan eragina izango dute, energia kontsumoa aurreztuz eta gastuak ere murriztuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!