«Egoera honek ezin du eragotzi militatzen jarraitzea, aurrera jarraitu nahi dugu»

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 26a, 11:59

Herriko gazteria politikoki mugiarazteko behar bat zegoela ikusita hasi da martxan Ibarrako Ernai; independentziaren aldeko ekimenak antolatu nahi dituzte herrian.

Amets Otegi, Manex Garmendia, Aritza Lizartza eta Naia Gabirondo dira Ibarrako Ernai gazte antolakundeko kideetako batzuk. Esan dutenez, Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna lortzea dute helburu, baina herri mailako helburu txikiak betez hasi nahi dute lehenik lanean.

Orain gutxi hasi zarete elkartzen?

Talde berria da gurea. Herrian politikoki behar bat zegoela ikusi genuen, jendea eta bereziki gazteria mugiarazteko. Orain arte Ibarrako gazteriaren artean ildo politiko bakarra egon da herrian; betidanik egon da Ernai Ibarran, baina IArekin haustura gertatu zenetik desagertuta bezala egon da. Gizartean gertatzen diren gauzak salatzeko elkartu gara, eta herri mailan jarri ditugun helburu txikiak ere bete nahi ditugu.

Zerk kezkatzen zaituzte?

Hezkuntzak, esaterako, asko eragiten digu. Irailean sortu zen ikasle antolakunde berri bat Ikama izenekoa, eta bertan ere militatzen hasi gara. Euskal Eskola herritar eta burujabea dugu helburu. Eta gainerakoan, Ernaitik, independentzia, sozialismoa eta feminismoa gizartean ondo lantzeko eta gazteria mugitu arazteko beharra ikusi dugu.

Herri mailan ekimen ezberdinak egitea duzue buruan.

Esaterako, azaroaren 25a izan zen atzo, eta bat egin genuen egun horrekin ere. Azken batean, emakume gazteon talde berriak sortu behar dira, elkartu egin behar gara, eta baita beste gauzetarako ere. Gaur egun dagoen egoera kontuan hartuta, maila txikiagoan, herri mailan, baina elkartzen jarraitzea da gure asmoa. Egoera honek ezin du eragotzi militatzen jarraitzea, aurrera jarraitu nahi dugu. Horretarako, independentzia eguna antolatzea da asmoetako bat. Ernaik dituen hiru helburu horietako bat, independentziarena, betetze bidean herri mailan zerbait antolatu nahi genuen, aldarrikapen modura. Gure asmoa, hasiera batean, egun bateko egitaraua osatzea zen, baina egoerak behartuta, egun desberdinetan egingo ditugu ekimen desberdinak. Tartean, mural pintaketa bat egin nahi dugu laster Ibarran; abenduan, berriz, hitzaldi bat antolatzea ari gara pentsatzen, eta Ernaiko nazional mailako norbait gonbidatzea da asmoa; udaberri aldean, berriz, festa egun bat antolatuko genuke guztia borobiltzeko.

Sarerekin ere ari gara elkarlanean. Izan Bidea ekimena atera zuten, eta gure aldetik haiei babesa ematen ere saiatzen gara. Azken batean, presoen egoera egun ez da batere erraza eta familiarrek ere sekulako zailtasunak dituzte bisitak-eta egiteko.

Zuen bidera batu nahi duenarentzat ateak irekita dituzue?

Herritarrei deia luzatu nahiko genieke, esanez, talde irekia garela eta inongo konpromisorik gabe gerturatu daitezela guregana. Nondik nora goazen eta nora iritsi nahi dugun jakiteko informazio saioak emateko arazorik ez dugu. Gazteak nahi ditugu, belaunaldi gazte baten eske dagoela ikusten dugu Ernai eta gu behintzat lanerako gogoz gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!