Ostalari eta merkatarientzat diru laguntzak emango ditu Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 20a, 14:03

Azaroaren 23tik aurrera eskatu ahalko dira diru laguntzak. Beharrezko inbertsioak lagunduko dituzte diruz, betiere pandemiari aurre egiteko bideratuta badaude.

Ibarrako Udalak diru laguntzak emango dizkie herriko ostalari eta merkatariei "COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiten laguntzeko". Merkataritzan eta ostalaritzan beharrezko inbertsioak egitea izango da helburua, baita ekipamenduak jartzea eta inbertsio horiek bideratzeko ikerketak egitea ere. Hori betetzeko, Ibarrako Udalak 18.568 euroko diru laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune Sailetik.

Koronabirusari aurre egiteko prestatzera bideratuta dauden jarduerak lagunduko dituzte diruz.. Jarduera horiek 2020ko martxoaren 14 eta abenduaren 31 bitartean egindakoak izan beharko dute. Besteak beste, honako zereginak lagunduko dituzte:

  • Lokalak edo laneko moduak egokitzea.
  • Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza eta ostalaritza lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.
  • Bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatze aldera, laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.

Beren kontura lanean diharduten pertsonak edo autonomoak aurkeztu ahal izango dira diru laguntzetara, baita enpresa txikiak ere, beren forma juridikoa edozein dela ere, 15 langile baino gutxiago badituzte. Horrez gain, urteko negozio zifrak ez ditu 1 milioi euro gaindituko.

Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztuko ahal izango dira, erregistro elektronikoaren bitartez www.ibarra.eus bidez, edota ingurugiroa@ibarra.eus helbidera bidalita.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!