Auzoko egitasmoa, herritarrak euskarara hurbiltzeko zubia

Irati Saizar Artola 2020ko aza. 4a, 19:59
Iaz Auzoko egitasmoan parte hartu zuten hainbat kide, Izaskun Urrestarazu dinamizatzailearekin batera.

Atzo eman zioten hasiera Auzoko egitasmoari Ibarran; euskarara gerturatu ahal izateko saioak egin ohi dituzte, astean behin ordubete, eta oraindik izena emateko aukera zabalik dago.

Euskaltzaleen Topaguneak 2009an abiarazi zuen Auzoko egitasmoa, hizkuntza aniztasuna plazaratzeko, eta euskaraz ez dakiten migratzaileak euskarara erakartzeko; Ibarran 2015az geroztik martxan da proiektua eta atzo ekin zioten ikasturte berriari. Astean behin elkartzen dira eta ordubeteko saioak egiten dituzte, doan. Momentuz, astearteetan egiten dituzte, 19:30ean, Azkue auzoko 10 zenbakian dagoen kale heziketako lokalean.

Euskaratik urrun dagoen jendea euskarara hurbiltzea da egitasmoaren helburua, Izaskun Urrestarazu dinamizatzaileak azaldu duenez. «Horrek ez du esan nahi, ordea, atzerritarrak soilik parte hartu ahal dutenik, izan ere, euskaratik urrun dauden horiek migratzaileak soilik direla pentsatu ohi dugu, baina badira herrian urte asko daramatzatenak eta euskaraz ez dakitenak ere», dio. Denentzat dituzte ateak zabalik beraz, eta ikasturtearekin atzo hasi baziren ere, oraindik aukera dago izena emateko: ibarrauzoko@gmail.com helbidera idatzita edo 661 74 58 75 zenbakira deituta. Informazioa jasotzeko ere bi bide horietakoren bat erabili daiteke.

Euskaratik urrun daudenek euskaratik hurbil dauden horiekin egiten dute topo Auzoko egitasmoan. Iaz, esaterako, 12-14 laguneko taldeak elkartzen ziren astero, euskara erdigunean jartzeko. Bi profil daude sortuta: auzokidea eta auzotarra. Auzokidea euskaratik urrun dagoena da, eta auzotarra, berriz, euskaraz dakiena edo euskaratik gertu dagoena. «Dinamizatzaile lanak egiten ditut nik, baina saio horietan ez dago irakaslerik, auzokide eta auzotarrak dira protagonista nagusiak», azaldu du Urrestarazuk. Saio horietan, gai zehatz bat hartzen dute hizketarako gai eta horren inguruan aritzen dira: «Adibidez, egun batean zenbakiak landu nahi ditugunean, Uno jolaseko kartak erabiltzen ditugu jolas moduan aritzeko eta euskara errazago barneratzeko».

Harreman sarea

Auzotar eta auzokideen artean sortzen diren harremanak ere nabarmendu ditu dinamizatzaileak. «Euskara da berez erdigunean dagoena, baina harremanek berebiziko garrantzia dute, euskarara gerturatuta herrira ere gerturatzen direlako». Herriko ekintzetan parte hartzen saiatzen direla ere esan du, «integrazioan laguntzeko». Iaz, esaterako, Santa Agedako eskean hartu zuten parte Hauspoa elkartearekin batera.

Egitasmora gehien gerturatzen direnak ikastolako gurasoak izaten omen dira, «haurrei etxeko lanak egiten eta laguntzeko». «Beharra daukatenean, jendeak konpromisoa hartzen du», dio. Hala ere, argi utzi du ezin dela euskaltegi batek eskaini lezakeenarekin alderatu, «euskarara gerturatzeko soilik baita Auzoko». Tartean, haurrak ere joaten dira saio horietara, eta itzultzaile lanak egiten «izugarriko lana» egiten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!