Unai Iribarren denboraldi amaiera ona Balentziagan

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 15a, 16:59
Unai Iribar, bigarrena ezkerretik, Balentziagaren Oroimenezkoan. CARLOS DE COS AZCONA

Denboraldia bukatu du Unai Iribar txirrindulari ibartarrak, eta ez nolanahi, seigarren postua lortu baitu Balentziagaren Oroimenezkoan.

Gustura dago lortutako emaitzarekin: «Espainiako Kopako proba bat izanik, eta kontuan hartuta ibilbidea ez zela niretzat egokiena, baloratu beharreko postua da», esan du Iribarrek. «Egutegiko lasterketa garrantzitsuena da afizionatuen mailan, eta hor lehiakor izatea gustura egoteko modukoa da».

Igandean jokatu zen Eibarko Arrateko igoerarekin bukatu zen proba. Aurretik txirrindulari gutxi batzuk alde egin zuten mendatean gora, eta horien artean jokatuko zuten gerora saria. Iribar eta beste bi txirrindularik gertutik jarraitu zituzten, eta helmugan horietatik azkarrena izan zen Iribar bera, irabazlea izan zen Jon Barrenetxearengandik 22 segundora iritsiz. «Puntu txiki bat falta izan zitzaidan aurreneko horiekin joateko», zehaztu du ibartarrak.

Orain hiru astez atseden hartuko du Iribarrek eta berriro azaroan hasiko da denboraldi-aurrearekin. Normalean denboraldia otsailean hasten dute. Aurtengoaren balantzea egiterakoan, batez ere bigarren zatian izandako erregulartasunarekin dago gustura Iribar. Bere lorpenei begiratuz, nabarmentzekoak dira Lehendakari torneoa irabazi izana, Euskaldun torneoan bigarren egitea, Segurako San Juan Saria irabaztea, eta beste lau probatan podiumean sartzea.

Oraingoz ez du talde profesional baten deirik izan txirrindulari ibartarrak. Aurten pauso hori ematea zailagoa dela azaldu izan du, profesionalak direnek ezin izan dutelako denboraldi berezi honetan bere maila behar bezala erakutsi, eta dirudienez taldeak berritzen ari dira hitzarmenak. Datorren urtean izango du Laboral Kutxako txirrindulariak bere dohainak berriro erakusteko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!