Ibarra eta piperraren arteko harremana liburu batean bildu du Josu Ozaita antropologo ibartarrak. Piparra du izenburua eta urriaren 19tik aurrera salgai jarriko dute zortzi euroren truke Barriola harategian, Bitxori fruta dendan, eta Txumitxa eta Zubiaurre tabernetan.
Gaur eguerdian aurkeztu dute liburua Josu Ozaita liburuaren egileak eta Igor Zapirain Ibarrako alkateak, Ibarrako udaletxean. Piperra altxortzat dute herrian, alkatearen arabera: "Gure kultura eta izatearen parte da, eta piperraren ezagutza, transmisio eta zabalpenean liburu hau ekarpen nabaria izango delakoan gaude".
Ekoizle, sustatzaile eta sortzaile asko ditu Ibarrako piperrak bere bueltan, eta horiei balore eta indarra ematea du helburu udalak: "Ibarrako piperrak bere bueltan eta historian zehar batu duen guztia balioan jarri eta zabaltzea da asmoa".
Liburuan piperraren ekoizleen istorioak bildu dira, zehazki, Txumitxa, Ibar lur kooperatiba, Zubelzu eta Aranekoak. Piper bilketaz ere aritu da liburuan, eta era berean, biltzaileez. "Lehen, herriko gazteak aritzen ziren eta gaur egun munduko hainbat txokotako langileak aritzen dira bilketa lanetan" aipatu du Ozaitak. Baratzean ikusten diren "itzalak" humanizatu eta gerturatu egin nahi izan ditu 'ikusezinak' izena eman dion atalean.
Elkarrizketa bidezko ezagutza jaso du ekoizleekin eta herritarrekin izandako berriketaldiei esker. Baina hausnarketa dinamika desberdinak ere egin ditu, 789 elkartearekin, udal taldearekin eta Uzturpe ikastolarekin elkarlanean, gazteen ikuspegia jasotzeko. Behaketa parte hartzailea ere egin du Ozaitak, hau da, piperra biltzen aritu da astebetez, Ezpetelako azokan eta Bilboko jaietako postuan edota herriko azokan ere parte hartu du, besteak beste.
Ildo horretatik jarraituz, piperra "sinbolo kondentsatua" dela esan du egileak, ez baitu ulertzen fruitu soil bezala, baizik eta «bere baitan historia, emozio, identitate eta istorio asko barnebiltzen dituena». Esperientzia eta emozio horiek ere bildu nahi izan ditu Ozaitak liburuan, 'festa', 'ibartar erruleta' eta beste hainbat atalen bidez. Herrian piperraren bueltan antolatzen diren landaketa, azoka edota lehiaketak ere jaso ditu liburuan. Amaieran, 32 errezeta ere agertzen dira, Xepla elkarteak antolatzen duen azokan egiten den pintxo lehiaketako irabazleenak, zehazki.
Piperra bezala, freskoa
Liburua osatzeko ideia urteak atzera eginda sortu zen. 789 elkarteak piperraren oinarri teorikoak, historia biltzeko beharra azpimarratu zuen, eta garai horretan, Ozaita antropologiako ikasketak amaitzen ari zen. Bere gradu amaierako lana Ibarrako piparra antropologia ikuspegitik izan zen. 2016an, orduan alkate zegoen Mikel Agirrezabalak liburu bat osatzeko hitzarmena proposatu zion eta hortik etorri da dagoeneko eskuartean duten liburua: "Piperra bera bezala, informala, freskoa eta gozatzekoa".
Ozaitak eskerrak eman nahi izan dizkie liburuko protagonistei, eta baita Jexux Peñagarikano herritarrei ere, testuak txukuntzen egindako lanarengatik. Bide berean, liburuaren itxuran Chroma Estudioak egindako "lan bikaina" ere goraipatu du Zapirain alkateak.