Mendi duatloiak, martxan

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 8a, 19:59

Hainbat mendi duatloi antolatu dira aurten ere, eta eskualdean egingo den lehenengoa Ibarrakoa izango da; larunbat arratsaldean egingo da, hainbat neurri berezirekin.

X. Ibarrako Mendi Duatloia egingo da larunbatean. 16:00etan hasiko da bakarkakoen proba, eta bost minutu beranduago abiatuko dira erreleboka ariko direnak. Ibilbidean aldaketa batzuk izango dira. Besteak beste, Emeterio Arresen izango da irteera eta helmuga. Korrikako zatian Emeterio Arreseko frontoiaren atzetik Leaburura doan oinezkoen bide berritutik joango dira, hilerriaren atzetik. Antolakuntzako kidea den Juan Zubiak azaldu duenez, bizikletaz egiteko zatiari dagokionez, «gutxi gorabehera antzeko guneetan izango da, baina bidezidor berrietatik ibiliko dira. Eta uste dugu inoiz izan den ibilbide politenetakoa izango dela aurtengoa». Hiru zati izango ditu probak: 5,34 kilometro korrika, 15 kilometro bizikletaz eta 2,67 kilometro korrika.

COVID-19aren inguruko neurriak direla eta, protokolo bat zehaztu dute antolatzaileek eta zenbait erabaki hartu dituzte. Hori horrela, goizeko umeen probarik ez da egingo. Bestalde, irteera eta helmuga lekua lekuz aldatzeaz gain, ikusleen pilaketa saihesteko meta gunea mugatu egingo da, eta ikusleek ezingo dute bertara sartu. Proba motza edo herrikoia ez da egingo aurten, eta jende pilaketa saihesteko, proba amaierako askari festarik ez da egingo. Beste neurrietako bat sari banaketa eremu itxi batean egingo dela izango da. Probaren inguruan beste hainbat neurri jarriko dira, tartean jende pilaketak ekiditea, eta antolakuntzako pertsona bat egongo da neurri horien ikuskari lanak egiten.

150 parte hartzaileentzako lekua dago eta atzo goizerako 100 kirolarik izena eman zuten dagoeneko. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du www.mendiduatloia.eus webgunean sartuta, eta handik bideratuko zaio izena emateko orrira.

Aurtengoan Ibarran egingo da Euskal Herriko Txapelketa, antolatzen den hamargarren proba dela kontuan izanik. Urteurren biribila denez, Euskal Herriko Txapelketa bertan jokatzea eskatu zuten Ibarratik. «Iaz eskatu genuen. Esan genuen gurean ez zela orduan jokatuko, baina hurrengoan guri tokatzen zitzaigula», zehaztu du Zubiak.

Ibarrakoak urte batzuk betetzea baduela bere meritua azaldu du Zubiak: «Federaziotik kanpo gaude, eta Arriarangoak eta Amasakoak animatu ziren gure arteko zirkuitua osatzera. Azkenean bola handituz joan da eta Euskal Herri mailako zirkuitua sortu da». Zubiak nabarmendu du kirolariak direla proba hauek antolatzen dituztenak, eta ez dagoela irabazi asmorik.

Kezka bat ere badu Zubiak eta, bide horretatik, eskaera bat ere bai: «Maila apalagoa duten kirolariek, Ibarran Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan izango dela ikustean, pentsatu dezakete ez dela beraiei zuzendutako proba. Bada, etor daitezela lasai. Euskal Herriko Txapelketaren lehian ariko direnak dozena erdi bat izango dira, eta gainontzekoak bere proba egitera joango dira. Maila askotako jendea izango da parte hartzen».

ZAZPI PROBA ZIRKUITUAN

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak aurten zazpi proba izango ditu eta horietako hiru eskualdean egingo dira. Larunbatean egingo den Ibarrakoaz gain, urriaren 24an Amasan egingo da eta azaroaren 7an Adunan, zirkuituaren azken proba izango dena, hain justu. Zubia da zirkuituko zuzendaria, eta abuztura arte ez zuten ziur zirkuitua martxan jarri ahalko zen. «Zirkuitua egiteko probak egin behar dira, eta proba bakoitzeko antolatzaileekin harremanetan jarri ginen, eta batzuk atzera bota ziren eta beste batzuk animatu ziren», esan du Zubiak. Egutegian zazpi proba dituzte eta zirkuitu «txukun» bat egin daitekeela gaineratu du.

Kirolariak dortsala jartzeko desiratzen daudela azaldu du Zubiak: «Guri ondo etorri zaigu. Ez dakit ausartegiak izan garen edo. Baina mendi duatloia aire librean egiten den proba bat izanik, kopuru txikia izanik, eta kontaktuko kirola ez denez, kirolarien artean kutsatzeko aukera oso txikia da».

Irteera egiteko orduan, bosnaka lerrokatzen dituzte parte hartzaileak, eta lerro bakoitzetik bestera metro eta erdiko distantzia jartzen dute. Hori bai, banakako eta erreleboka egiten duten bikoteen irteerak bereizi egiten dituzte, bost minutuko tartearekin. Kezka handiena jendea pilatzen den leku horiek sortzen dute eta helmuga eremua ikusleentzat itxi egiten dute probetan.

Parte hartzaileei dagokienez, eskualdetik gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga amasarra dabil goiko postuetan. Iaz zirkuitua irabazi zuen, baina aurten parte hartzaileen maila igo egin da, eta hiru proba jokatu eta gero laugarren postuan doa. Emakumezkoetan, Iruran bizi den Ainara Pequeño zumaiarra hirugarren doa sailkapen orokorrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!