Unai Iribar, bigarren Berriatuan eta Euskaldun Torneoan

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 5a, 14:56
Unai Iribar, ezkerrean, Berriatuako proban. LUKENE TG

Euskaldun Torneoaren azken proba jokatu zen atzo Berriatuan, eta Laboral Kutxako ibartarrak bigarren egin zuen esprintean, ihesean iritsi ziren lau txirrindularien artean.

Berriatuan irabazle Jon Barrenetxea (Baque) izan zen, eta berak eraman du Euskaldun  Torneoa. Hirugarrena helmugan, eta baita torneoko sailkapen orokorrean, Xabier Isasa (Goierri) izan zen. Iribarrek pena du ezin izan zuelako irabazi, "baina horrelako lasterketetan lehiakorra izatea oso zaila da, eta hori lortu dugu".

Mendexako mendateak erabaki zuen lasterketa. Bi aldiz igotzen zuten, eta lehenengoan zazpi txirrindularik ihes egin zuten, tartean Iribarrek. Tropela minutu erdi ingurura zuten atzetik, baina ez zituzten harrapatu. Bigarren igoeran lau txirrindulari geratu ziren aurrean, eta esprintean bigarren egin zuen Iribarrek: "Esprinta goraka zen pixka bat, eta, beraz, indarreko esprinta izan zen; azkeneko 50 kilometro joan ginen ihes eginda eta berak indar gehiago izan zuen".

Afizionatu mailan emaitzak lortzea "oso zaila" dela dio Iribarrek, eta gogora ekarri du konfinamendua eta gero aurreko postuetan izan dela lasterketetan: "Lehiakorra izaten ari naiz, eta oso pozik nago horrekin. Lasterketa bat irabazi dut, Segurakoa, Lehendakari Torneoa irabazi dut, eta bi aldiz egin dut podiumean. Bestela ia denetan lehen hamar postuetan sartu naiz, eta hori oso zaila da". Emaitza horiekin batera, Euskaldun Torneoan bigarren egiteak ere erakutsi du Iribarren erregulartasuna.

Denboraldiko azken lasterketa igandean izango du ibartarrak, Balentziagaren Oroimenezkoa izango baita jokoan, Espainiako Koparako baliagarria. Probak bukaera Arraten du, eta hor aurrenekoetan sartzea oso zaila dela dio: "Igotzaileentzat da eta oso selektiboa izaten da. Ikusiko dugu zer gertatzen den".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!