Gai librea izango du aurtengo Galtzakomik komiki lehiaketak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 30a, 19:59

Azaroaren 30a bitarte zabalik izango da lanak aurkezteko epea; aurkeztutako lanak ikusgai jarriko dira abenduaren 18tik  30era, sari banaketa egingo den egunetik aurrera.

Martxan da Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa. Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatu du hamahirugarrenez. Azken urteetakoekin alderatuz bi berrikuntza nagusi izango ditu aurtengo lehiaketak: aurkeztu beharreko lanen gaia librea izango da eta kategoria bat gehiago gehitu da sariak banatzerakoan. 

Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea du helburu Galtzakomik lehiaketak, eta adierazpide artistiko honetan bidea egin nahi duenari aukera bat eskaintzea. «Euskal Herri osotik jasotzen dira lanak urtero, eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat», esan du Idoia Lahidalga Galtzaundiko teknikariak. 

Duela hamahiru urte proposatu zuen ideia Galtzaundik Ibarrako Udalean. Tomas Ugaldebere euskara teknikariak esan du gazteei «bultzada emateko aukera egokia» ikusi zutela. «Jendeari ohitura sortu zaio parte hartzeko». 

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta komikiak ez du gai konkretu bat landu beharko aurtengoan. Ikastetxeei deialdia egin nahi diete antolatzaileek lantzen ari diren proiektuak komikia ere landu eta uztartzeko baliatu ditzaten. «Baliabide bat gehiago eskaintzen diegu ikastetxeei beraien helburu horiek betetzeko», azaldu du Lahidalgak. 

Kategoriei dagokienez, sail berri bat gehiagorekin, lau sailetan banatu dituzte aurtengo edizioko sariak. Horrenbestez, 12 urtez azpiko saila bitan banatu da; 9 urte artekoek euren saila izango dute eta 10-12 urte bitartekoek beste bat. 13-16 urte bitartekoena da hirugarren kategoria eta 17 urtetik gorakoena izango da laugarrena. 

Aurtengo edizioan «inoiz baino gehiago» dira Galtzakomik babestu dutenak: Ibarrako Udala, Xabiroi aldizkaria, Mahala, Tamayo denda, Ibarrako merkatarien elkartea, Danon Txokoa eta Eguzkilore tabernak, Babel liburu denda eta Elkar megadenda.

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke. Lanak bidaltzeko epea zabalik da dagoeneko eta azaroaren 30era arteko denbora izango da horretarako. Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan aurkeztu beharko dira lanak edo postaz bidaltzeko aukera ere izango da helbide honetara: Galtzaundi Euskara Taldea; Nafarroa etorbidea 6, behea; 20400 Tolosa (Gipuzkoa). 

Bestalde, Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 18tik 30era, Ibarrako kultu etxean. Azkenik, sari banaketa abenduaren 18an egingo da, 19:00etan, Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean.  

Sariak

9 urtetik behera

  • 1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma.
  • 2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
  • Aipamena. Komiki bilduma.
  • Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
  • Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

10 eta 12 urte bitarte

  • 1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma.
  • 2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
  • Aipamena. Komiki bilduma.
  • Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
  • Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

13 eta 16 urte bitarte

  • 1. saria. 200 euro eta komiki bilduma.
  • 2. saria. 100 euro eta komiki bilduma.
  • 2 aipamen. Komiki bilduma bana.
  • Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
  • Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.

17 urtetik gora

  • 1. saria. 700 euro eta Danon Txokoan bi lagunentzako afaria.
  • 2. saria. 300 euro eta Eguzkiloren bi lagunentzako afaria.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!