20 minutuko aparkaldiak hasiko dira gaur

Ataria 2020ko urriaren 1a

TAOa arautzen duen ordenantza berria hasiko da gaur, Ibarran. Horri esker Euskal Herria kalean aparkaldi laburreko bi gune ezarri dituzte eta gaurtik aurrera egongo da indarrean.

Ibilgailuen eta herritarren errotazioa bermatzeko helburuz jarri dute aparkaldi mugatua. "Modu honetara, erosketa arinak burutzeko tartea eskaintzen zaie herritarrei, eta maiztasunez ibilgailuen aldaketak emango dira. Merkataritza sustatzeko bidean beste pauso bat da", esan du Ibarrako Udalak. 20 minutuko aparkaleku horiek, Euskal Herria kaleko 12 A,B, C, D eta E zenbakien parean eta 37, 39 eta 41 zenbakien parean ipini dituzte. Guneetan aparkaldiaren denbora mugaren berri ematen duen ikurrak margotu dituzte.

Aparkaldiak doakoa izango dira, baina erabiltzaileek tiketa atera beharko dute, "denbora tarteak azkarrak izatea bermatzeko". Tiketa, egoiliar txartela dutenek ere atera beharko dutela argitu du udalak.

Anbulatorioaren pareko aparkalekuetan izango du eragina neurriak eta merkataritza sustatzeko helburuz lehenengo 20 minutuak doakoak izango dira. Tiketa atera beharko da, baina egonaldiaren lehen 20 minutuak doakoak izatea bideratuko du makinak. Aparkaleku horietan egoiliarrek ez dute tiketa atera beharko, beraz, 20 minutuko aparkaldi guneetan bakarrik atera beharko dute tiketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!