Saneamendu lanak egiten hasiko dira astelehenean

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 30a, 15:58

Gipuzkoako Urak-ek ur hornidura eta saneamendu lanak egingo ditu Ibarran datozen hilabeteetan. Astelehenean hasiko dira Arantzazuko Ama kalean eta Uzturre auzoan ariko dira gero.

Arantzazuko Amaren kalean hasiko dira ur hornidura eta saneamendu lanak datorren astelehenean, eta 16 astez luzatuko dira.

 

Aurrez hornidura eta saneamendu lanak burutu zituzten, lehen fase batean, eta Molpoidotik Otarre jaitsiera artean aritu ziren eta bigarren fasea da oraingoa. Ibarrako Udalak jakinarazi duenez, hodiak zaharkituak daude eta ur galera handiak daudenez erabaki du Gipuzkoako Urak-ek lanak burutzea. Etxaide enpresak egingo ditu lanak.

Herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuko direla esan du udalak, baina lanek irauten duten denboran, tokian tokian moldaketak egin beharko dituztela argitu du. Bigarren fase honetako lan txikienetik hasiko dira eta Arantzazuko Ama kaleko hodiak aldatuko dituzte lehenik eta hiru astez ariko dira horretan. Herritarrek bertako atarietara iristeko aukera izango dute eta Azkuetik datorren bidegorria itxi egingo dute.

Ondoren, Uzturre auzoan egingo dituzte lanak. Otarre jaitsieran amaitu ziren aurreko lanak eta hortik hasiko dira oraingoan: Arane baserri ondoko zubitik, Montes eta Ibategi albotik igaroaz, Euskal Herria kalera iristeraino ariko dira hoditeria berria jarriz. Uzturre auzoa asfaltatu zenean zati hori egin gabe utzi zutela argitu du udalak  n. eta orain lanak amaitzean Udalak asfaltatze lanak bukatuko ditu.

Erreka aldera dagoen plazatxoa obrako materialentzat erabiliko dute langileek eta Uzturre 1 eta Ibaigain 6 inguruko aparkalekuak baldintzatuta egongo dira lanek irauten duten bitartean. Euskal Herria 53 eta Argindegi 1erako tartean, ahalik eta eragin gutxien sortzen saiatuko dira.

Honela, bada, Gipuzkoako Urak-ek aurrera eramango dituen lanak luzeak izatea aurreikusten denez, herritarrei euren pazientzia eskatu nahi die udalak eta eragozpenak barkatzeko eskatu. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!