«Aurten oso zaila dago profesionaletara pasatzea»

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 23a, 11:59

Lasterketa gutxiko denboraldia izaten ari da, baina Unai Iribar ibartarra aprobetxatzen ari da emaitza aipagarriak lortzeko, batez ere irailean egin dituzten txirrindulari probetan

Unai Iribar (Ibarra, 1999) txirrindulariak Lehendakari torneoa irabazi berri du. Laboral Kutxa taldean dago, eta bere hirugarren urtea du 23 urtez azpiko mailan. Aurrera begira profesionaletara igarotzea du helburu.

Larunbateko probatik hasiko gara, Oñatikoa. Nola joan zen?

Denboraldi honetako motzena izan zen. 90 bat kilometro besterik ez genituen eduki, eta normalean torneo honetako lasterketak 120 edo 130 kilometro inguru izaten dituzte. Hasieran ordekan egiteko zati bat genuen, nahiko azkar ibili ginen eta ez zen ihesaldirik egin. Gero portu batzuk bagenituen, eta alde egin zuen Pelayo Sanchez asturiarrak, eta bera izan zen indartsuena. Gero, taldetxo bat iritsi ginen, eta azkenean proban hirugarren egitea lortu nuen.

Lehendakari torneoko azken proba zen Oñatikoa, eta torneoa irabaztea lortu duzu.

Konfinamenduaren aurretik beste bi lasterketa izan genituen eta konfinamendu ostean lasterketa asko bertan behera geratu dira eta Oñatikoa bakarrik geratzen zitzaigun. Aurreko bietan, Ereñon hirugarren izan nintzen eta Urretxun bigarren postua egin nuen.

Zer suposatzen du torneo hori irabazteak?

Taldearentzat garrantzitsua zen. Denboraldi hasieran taldeak markatu zuen helburuetako bat. Hemen, Euskal Herrian, Lehendakari eta Euskaldun txapelketak dira garrantzitsuenak. Aurtengoa berezia izan da, normalean 15-20 lasterketa izaten dira eta aurten hiru besterik ez ditugu izan. Oso gustura nago lortutakoarekin, hiru lasterketa horietan ere erregularra izan behar zen eta behintzat maila eman eta torneoa etxera ekarri ahal izan dugu.

Irabazten duzun lehenengo aldia izan al da?

Bai, lehenengo aldia da. Lehendakari torneoan 23 urtez azpiko lau urte horietan parte hartzen duzu. Aurten hirugarren urtean nago, eta horrelako txapelketa batek erregulartasun handia eskatzen du. Horrez gain, lesio edo erorketaren bat izanez gero, lasterketa asko galtzen dituzu eta aukerarik gabe geratzen zara. Aurreko urtean hori gertatu zitzaidan, eta azkenean hirugarren edo laugarren egin nuen. Aurten irabaztea lortu dut.

Euskaldun torneoan ere parte hartzen ari zara, eta sailkapen orokorrean postu onean zoaz.

Bai, bigarren noa. Txapelketa honetan elite mailako txirrindulariek ere parte hartu ahal dute, baina askotan 23 urtez azpikoak izaten dira aurrean izaten garenak. Elite mailan txirrindulari askok utzi egiten dute, profesionaletarako ateak pixka bat ixten zaizkiela ikusten dutenean; orduan, lan mundura pasatzen dira txirrindularitza afizionatua utziz. Euskaldun torneo honetan bigarren noa eta beste bi lasterketa falta zaizkigu bukatzeko.

Helburua txapelketa bera irabaztea al da?

Azkenean, helburua beti irabaztea izan behar da. Bi lasterketa horietan lehiatzera behintzat joango gara, eta horietan ondo ibiltzen bagara, bestea ere bakarrik etorriko da.

Bi lasterketa horiekin aurtengo denboraldia bukatuko al zenuke?

Ez, bi horien ondoren Balentziaga Memoriala lasterketa izango dugu, Eibarren jokatzen dena, eta Espainiako Koparako baliagarria dena. Hau berez apirilean izan ohi da, baina aurten lasterketa asko birkokatu egin dituzte. Berez, irailera arte irauten digu denboraldiak, baina aurten luzatu egin digute.

Denboraldi honetan Espainiako selekzioarekin egonaldia egin duzu.

Valentzian egin zen egonaldia, eta nolabait Europako Txapelketa, Etorkizuneko Tourra eta Munduko Txapelketarentzat aurre-selekzio moduko bat izan zen, eta test batzuk egin zizkiguten. Horietatik azkenean Europako Txapelketa bakarrik egin zen. Nik ez nuen parte hartu, baina esperientzia hori behintzat geratu da, Espainiako selekzioarekin entrenatzeko aukera, alegia. Polita izan zen. Gurekin gogoratzea garrantzitsua eta motibagarria da.

Orokorrean denboraldia nolakoa izaten ari da?

Nahiko motza izan da denboraldia. Konfinamenduaren aurretik hiruzpalau lasterketa egin genituen, eta hor pare bat podium egitea lortu nuen. Konfinamenduaren ondoren, Zamorako Itzulia izan genuen, Espainiako Txapelketak ere bai, eta hor ez zitzaizkigun gauzak hain ondo joan. Orain, irailean bai eman dudala pauso bat eta baita taldeak ere, eta taldea oso ondo ari da. Kantabriako itzulia Xabier Berasategi taldekideak eraman zuen, Euskadiko Txapelketa ere berak irabazi zuen, eta nik Seguran aurreko astean irabazi nuen.

Ze aukera duzu profesionaletara pasatzeko?

Oso zaila dago. 23 urtez azpiko hirugarren urtean nago, eta nahiko garrantzitsua izaten da, baina urte zaila izan dugu, eta aukera gutxi izan dugu gure balioa erakusteko. Profesional mailan ere berdin; ez dituzte lasterka asko euren gaitasuna erakusteko. Aurten nahiko zaila egongo da pasatzeko, profesionalek ezin izan dutenez erakutsi bere maila, kontratua ez berritzea ere ez da oso justua. Niri oraindik beste urtebete geratzen zait 23 urtez azpikoetan, eta gauzak ondo egiten jarraitzen badut eta talderen batek interesa azaltzen badu, noski ilusioa egingo lidakeela. Txikitako ametsa hori da, profesionala izatea.

Talde profesionalen bat zurekin harremanetan jarri al da?

Momentuz ez dut izan horrelako deirik. Laboral Kutxan jarraitzeko aukera hor dut, eta Euskaltel Euskadi taldearen bigarren talde modukoa denez, laguntza gehiago izan dezakegu. Nik behintzat nire lana ondo egiten jarraitu beharko dut, eta hala bada etorriko dira aukera horiek ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!