Gaztezulon izena emateko aukera

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 21a, 11:48

Ibarrako LH 1 eta BATX 1 bitarteko gazteek Gaztezulo zerbitzua izango dute ikasturte honetan ere. Aurten, ordea, derrigorrez eman beharko da izena eta horretarako bi bide ireki dituzte; online eman ahalko da edo aurretiko hitzordua hartuta presentzialki egin. Izena irailaren 22 eta 24a bitarte eman beharko da. 

COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, ikasturte honetan ez-ohiko egoera batean murgildurik daudela gogoratu du Gazteluzo zerbitzuak, baina hala ere, LH1 eta BATX 1 bitarteko gaztetxo eta nerabeei zuzentzen zaien zerbitzua eskaintzea erabaki du Ibarrako Udalak. 

Ekintzak ikasturteka eta taldeka banatuko dituztela esan dute eta LH 1 eta LH 6 bitarteko taldeak hamabostean behin izango dutela zerbitzua, arratsalde osoko jarduera bat eginaz. DBH 1 eta BATX 1 bitarteko nerabeak aldiz, aldez aurretik eratutako taldeetan astero arratsalde erdiko jarduera izango dute. 

Gaztezuloko arduradunek esan dutenez, talde txikietan egingo dute lan eta aire librean gauzatutako jarduerak lehenetsiko dituzte. Egunero 2 talde egongo dira aldi berean espazio desberdinetan, eta ondorioz, LH1-LH4 ikasturteetan 10 haur eta hezitzaile bat egongo dira; LH5-LH6 ikasturteetan 12 nerabe eta hezitzaile bat; eta DBH1-BATX1 ikasturteen artean 14 nerabe eta hezitzaile bat. Taldeak finkoak izango dira, beti gazte eta hezitzaile berdinak egon ditezen. 

"COVID-19a dela eta, zerbitzuan garatu behar diren protokoloek horrela baldintzatuta, parte-hartzaile guztiak dagokien egun eta orduan puntualtasunez bertaratuko dira zerbitzuan. Behin jarduna hasita, ezin izango da zerbitzuan sartu", gaineratu dute. Izan  ere, Gaztezuloren eta udalaren nahia da segurtasun neurri guztiak bermatzea. 

Era berean, aurten Eguberrietako eta Pazko Asteko programazio berezia zerbitzuko urte osoko  erabiltzaileentzat soilik izango da. 

Izen-ematea

Izena irailaren 22 eta 24an eman beharko da eta bi modu daude. Batetik, presentzialki egin ahalko da, baina aurrez hitzordua hartuta. Eta bestela formularioak beteta egin ahalko da, onlineEuskarazko formularioa eta gaztelerazkoa.  Presentzialki egiteko inprimaki hau eraman behar da. 

Behin izena emanda irailaren 25ean osatuko dituzte taldeak, zozketa bidez. Irailaren 29 eta urriaren 2a bitarte egingo dituzte bilerak guraso edo tutoreekin, eta bertan emango dituzte azalpen guztiak. 

Zalantzak argitzeko idatzi gaztezulo@ibarra.eus edo 688 810 300 telefono zenbakira deitu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!