Ezohiko San Bartolome eguna

Ataria 2020ko abuztuaren 24a

Ibarrako balkoi bat, festetako zapiak zintzilik dituela.

San Bartolome eguna ospatuko lukete gaur Ibarran, baina Covid-19aren eraginez sortutako egoera dela eta, egitasmo guztiak bertan behera uztea erabaki zuten. Sinbolikoki, ospakizun garaia dela gogorarazteko, festa zapiak balkoi eta leihoetan jarri dituzte hainbat herritarrek. 

Izatez, San Bartolome eguna da gaur. Beste testuinguru batean, ospakizun eguna izango litzateke Ibarran, abuztuaren 21etik 25era antolatutako egitarauaren barruan. Aurten, ordea, ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuten aparteko egoera zela eta. 

Dena dela, Hauspoa elkarteak festetako zapiak etxeetako balkoietan eta leihoetan jartzeko deia luzatu du. Festarik ospatu ez arren, San Bartolome festetan daudela gogoraraztea izan da helburua. Deiari erantzunez, hainbat herritarrek zapiak zintzilikatu dituzte balkoietan eta leihoetan. Lan irudimentsuagorik hartu duenik ere izan da, kasurako, udaletxe pareko balkoi batean ikus daitekeen bandera: 

 

Egoerara moldatuz

Egoerak behartuta festak bertan behera utzi badituzte ere, Alurr dantza taldeak ez dio uko egin nahi izan urtero egiten duten emanaldiari. Aurten, ordea, egoerara moldatuta eskainiko dute ikuskizuna. Zuzeneko emanaldi bat egingo dute Youtuben. Gaueko 22:15ean estreinatuko dute eta ikusgai egongo da ondorengo estekan: 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!