«Ez dut faltan botatzen lehen lerroan egotea»

Leyre Carrasco 2020ko uzt. 23a, 18:59

Telebista munduko lehen lerrotik aldendu, imitazioak alde batera utzi eta kirol munduan erabat murgildu da Iraola. Gaur egun, Tolosa CF Eskubaloiko lehenengo taldeko entrenatzailea da.

Jon Iraola ibartarra, aktore eta gidoilaria da. ETB 1eko Wazemank saioan egon ostean, Noaoa!-n jarraitu zuen aktore lanetan, baina telebistaz gain irratian ere ibili izan da imitazioak egiten. Telebista mundua utzia du, eta gaur egun zertan ari den jakiteko aukera izan dugu.

Atzera begira, faltan botatzen al duzu telebistako lehen lerroan egotea?

Egia esatea nahi baduzu ez dut faltan botatzen. Egia da nostalgia daukadala garai ona izan zelako eta bizitako une horiek politak izan zirelako. Baina ez, orain ez dut faltan botatzen lehen lerroan egotea.

Aktore lanetan beti, baina gehienbat umorearekin lotuta ikusi zaitugu. Euskaldunok ez al ginen ba serioak?

Ez, euskaldunak ez gara inoiz serioak izan. Serioak baino gehiago agian erreserbatuak izan garela uste dut. Gogoan dut Noaoa!-n platoko istorioak grabatzen genituenean publikoa ekartzen genuela grabaketetara. Bertan bai ikusten zen jendea lotsatia zela, eta hori gehien bat gipuzkoarrekin gertatzen zen. Bizkaitarrak berriz denerako apuntatzen ziren, baita arabarrak ere. Gipuzkoarrak oso beldurtiak eta lotsatiak ziren.

Maite duzu aktore lana? Zineman ere aritu zara eta...

Bai, zine munduan zerbait grabatu izan dut. Aupa Etxebeste filmeko bigarren gauza bat egiten egon nintzen, telesail bat ere egin nuen Gernika bajo las bombas izenekoa... bai mundu polita da. Bertan ikusten duzu zenbat jende dagoen lanean, inguruan dagoen estresa gauzak egin behar direnean... bai polita da zineman lan egitea.

Zinema telebistaren antzekoa edo erabat desberdina al da?

Oso desberdina. Telebistan ere formatu asko daude baina nik lan egin nuen formatuan beste lasaitasun bat zegoen. Zinema munduan grabatzen duzunean beste kalitate bateko mediok daude, plano gehiago daude, dena askoz zainduagoa dago. Telebistan aldiz, Wazemank grabatzen genuenean txorizo fabrika baten modukoa zen; makina martxan jarri eta sketch-ak bota eta bota.

Zertan ari zara gaur egun?

Egoera hau dela eta, une honetan langabezian nago, baina bestela eskubaloi entrenatzaile moduan ari naiz hemen, Tolosa CF Eskubaloian. Pasa den urtetik entrenatzen dut lehenengo taldea; orain arte haurrak eta gazteak entrenatzen aritu naiz, baina pasa den urtean aukera hau eskaini zidaten eta aurrera.

Telebistaz eta zinemaz hitz egin dugu orain arte, baina irratian ere zure lanak egin dituzu. Zein alde dago biren artean?

Niretzat handia. Gehien bat zuk telebistan begiradarekin eta gorputz keinuen bidez asko adierazten duzulako eta irratian hori egiteko aukera ez dagoenez, entzulearengan irudimena jartzen duzu jokoan gehienbat. Nik gainera imitatzaile izanda, pertsonaia desberdinak egiteko trebetasuna nuen, eta horrek aukera handia ematen zidan erregistro desberdin asko egiteko.

Sortutako pertsonaien artean, kuttunen bat?

Euskaraz sortutako ia pertsonaia guztiak maite ditut; Joxean Tolosa, Mañukorta... denak. Adibidez Mañukorta eta Tolosa pertsonaia baten gainean ateratako beste pertsonaiak ziren, eta sagardotegiko Axintxio zerotik sortu nuen. Agian besteak baino maiteago dut hori. Hala ere ez daukat gustukorik.

Nola hasi edo sartu zinen mundu horretan?

Gau askotan Telecinco katean zegoen Cronicas Marcianas izeneko saioa ikusten nuen telebistan. Bertan Carlos Latre hasi zen agertzen eta ahotsa modulatzeko zuen moduagatik arreta deitu zidan. Hortik aurrera bere antzera hasi nintzen, jendeak egiten zuena imitatzen. Konturatu nintzen ahotsa modulatzeko trebetasuna nuela eta oso ondo moldatzen nintzela. Beraz, pertsonaia desberdinak imitatzen eta nire pertsonaiak sortzen hasi eta tabernaz taberna antzerki moduko bat egiten hasi nintzen. Anjel Alkainek antzerki batean ikusi ninduen eta hasi berri zuen Wazemank izeneko proiektura gonbidatu ninduen. Han hastera animatu nintzen, eta horrela hasi zen dena.

Oraindik imitazioak egiten jarraitzen duzu?

Egia esatea nahi baldin baduzu denbora pila bat igaro da ez dudala imitaziorik egiten. Lehen horretaz egiten nuenean lan, adibidez, kotxean nindoan eta askotan pertsonaiak imitatzen joaten nintzen. Baina, jada denbora asko igaro da hori egiteari utzi nionetik.

Lehen aipatu duzu ez duzula faltan botatzen telebista, baina etorkizun batean telebistara itzultzeko aukera izango bazenu itzuliko zinateke?

Inoiz ezin da ezetz esan, baina une honetan telebista mundua ez dut faltan botatzen. Agian, horrek ere estres moduko bat sortzen duelako, eta urte dezente igaro ditudanez mundu horretan, itzuliz gero badakit zer den hori. Bertan hasi nintzenean ez nekien zer zen, beraz beste gogo batekin zoaz. Orain nahiko desberdina izango litzateke.

WAZEMANK

2005. urtean ETB 1eko umorezko telebista saioa zen izan zen Wazemank. Arraskata izan zuen. Besteak beste, Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Iñake Irastorza, Ana Elordi, Mikel Laskurain, Egoitz Lasa, Ixabel Agirresarobe, Asier Sota, Anartz Zuazua eta Aitor Gabilondo aktoreek parte hartzen zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!