"Oso zabalik ikusten dut fitxaketen merkatua"

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 21a, 19:59

Oraingoz talderik ez du Josu Ibarbiak, azken denboraldian jokatu duen Arenas Club taldearen eskaintza izan arren; beste aukeraren bat iristen zaion ikusi nahi du, eta bitartean bere kabuz ari da entrenatzen.

Eskarmentua badu dagoeneko Josu Ibarbiak (Ibarra, 1995) futbolean, 2. B mailako hainbat taldetan aritu baita. Datorren denboraldiari begira, goiko postuetara begira dagoen talde baten eskaintza jasotzeko zain dago.

Azken denboraldia Arenas Club taldean egin duzu. Zer moduz joan da?

Hasieran asko kostatu zitzaigun, pixkana hobetzen joan ginen eta hobeto bukatu genuen. Jaitsierako postuetan geunden, baina azkeneko hamar partidak falta zitzaizkigun sailkapeneko erdialdetik behera zeuden taldeen aurka, eta mantentzeko esperantza bagenuen. Azkenean erabaki zen jaitsierarik ez zela izango eta 2. B mailan jarraituko du taldeak. Hori zen lehenengo helburua. Bestalde, jaitsierarik ez denez izan, eta Hirugarren Mailatik igoerak izango direnez, ehun talde izango dira 2. B mailan. Berriro egituratuko da, eta ezberdina izango da.

Eta zuretzako pertsonalki nolakoa izan da?

Hasieran kostatu egin zitzaidan, nahiko berandu hasi bainintzen taldearekin, baina gero entrenatzaileak konfiantza eman zidan, eta egia esan, oso gustura bukatu dut.

Orain zein da zure egoera?

Arenas Club taldeak kontratu luzapena egin nahi izan zidan, baina nik itxarotea erabaki dut. Aurten pandemiaren kontuarekin guztia ezberdina denez, igoera faseak-eta jokatzen ari dira, eta itxaroten ari naiz ea eskaintzarik jasotzen dudan.

Beraz, talde indartsuago baten eskaintzaren zain zaude.

Azken helburua hori da, ea eskaintza hobea egiten didan talderik badagoen. Egia esan, oso irekita nago, eta ikusi egin behar da zein diren eskaintzen dituzten baldintzak.

Ez bada eskaintzarik iristen, Arenas Clubekoa hor dago, ezta?

Ba, ez dakit, hori hitz egin beharko litzateke, baina momentuz ez dut hori buruan.

Bitartean, besteak beste, zure kasa entrenatzen jarraitzen duzu. Nola eramaten da zain egotea?

Egia esan, nahiko ondo ari naiz. Talde batekin entrenatzen hasteko ere gogoz nago. Azkenean hori errazago eramaten da. Arenaseko prestatzaile fisikoak lehenengo hilabetean planifikazioa egin zigun, hori bete genuen eta gustura aritu ginen. Gero, ekainetik aurrera nire kabuz nabil, lagun batek laguntzen dit entrenamenduak prestatzen, eta oso gustura nabil berarekin.

Orokorrean nola dago fitxaketen merkatua?

Oso zabalik ikusten dut. Ez dakit zer gertatuko den aurten. Talde gehiago izango dira, baina ez dakit zer gertatuko den; dena irekita dago eta taldeek ere beren jokalariak berritu egin beharko dituzte, batzuk joan egingo direlako, eta fitxaketak egin beharko dituzte.

Dagoeneko ibilbide bat egin duzu 2. B mailan. Nolakoa izan da orain artekoa?

Jubeniletan Realetik utzita Real Unionera joan nintzen, eta nahiz eta asko ez jokatu, helburuak lortu genituen, igoera faserako sailkatu ginelako, eta Federazio Kopa irabazi genuen. Gero bi urtez Sansen jokatu nuen, eta gustura egon nintzen. Lehenengo urtean asko jokatu nuen eta bigarrengoan ez hainbeste, baina aberasgarriak izan ziren bi urteak niretzat. Aldaketa bat egin nahi nuen eta Melillara joan nintzen. Asko ez jokatu arren, arlo pertsonalean asko ikasi nuen, eta esperientzia moduan asko balio izan dit. Amorebietan egon nintzen aurreko denboraldian, eta inflexio puntu bat izan zen niretzat, benetan futbola zer den ikusi nuelako: ez ginen oso ondo hasi, baina gero oso ondo bukatu genuen eta horrek moralki asko lagundu zidan. Eta aurtengo denboraldian oso gustura aritu naiz Arenasen.

Melillako egonaldia izan zen bereziena, agian?

Maila pertsonalean oso esperientzia berezia izan zen, eta asko balio izan dit. Beharra nuen pixka bat aldatu eta gauzak nire kabuz egiteko; etxetik kanpora joan, bakarrik bizi, gauzak bakarrik eginez, eta horrek asko lagundu zidan.

Aurrera begira zer helburu duzu?

Bigarren Mailara igotzeko helburua duen talderen batean egotea. Hori lortzen saiatuko gara eta bestela ikusiko dugu. Gero, Bigarren Mailara igotzea lortuz gero, niretzako esperientzia ikaragarria izango litzateke. Horretan saiatuko gara eta ikusiko dugu ea lortzen dugun.

Eta nola ikusten duzu bizi dugun egoera bereziak eragin dezakeela futbolean? Lehen Mailako partidak ikuslerik gabe jokatu dira, adibidez.

Ez dakit nola izango den, hainbat gauza irakurri baititut. Hasiera batean esaten zen azarora arte-edo jendea ez zela sartuko estadioetara partidak ikustera, baina ez dakit zer neurri hartuko diren azkenean. Dena airean dago, eta hasi arte ez dut uste jakingo dugunik.

Alde handia izango da zaleekin ala zalerik gabe jokatzearen artean.

Bai, guretzat garrantzitsuena zaleak harmailetan daudela jokatzea da, horrek motibatzen gaitu. Baina ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!