Koronabirusa

"Pasa den asteazkenean taberna itxi genuenetik ez gara etxetik atera"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 21a, 09:49

Euskal Herria kalean dagoen Danon Txokoa tabernako jabea da Itxaso Calviño ibartarra. Bertako zerbitzari batek COVID-19aren PCR proban positibo eman ondoren, taberna ixteko agindua jaso zuten asteazkenean.

Nola izan zenuten zuen lankide batek positibo eman zuenaren berri?

Gure tabernako zerbitzariaren bikotekidearen lankide bat ordiziarra da, eta haren bitartez kutsatu dira. Lehenik, Ordiziakoak egin zuen proba, eta positibo eman zuela jakitean, abisua pasa zidan zerbitzariak, positibo eman zuen pertsona haren gertuko batekin kontaktu zuzena zuelako. Hortaz, lanera ez etortzeko eta etxean geratzeko esan nion, prebentzio neurri modura.

Eta zein izan da azken asteotan izan duzuen prozesua?

Pasa den asteartera arte ez zien PCR probarik egin zerbitzariari. Asteazkenean eman zioten emaitza, eta orduan jakin zuen positiboa zela. Eskerrak aurrez esan geniola lanera ez etortzeko. Kutsatuta zegoela jakitean, Ibarrako anbulatoriora deitu nuen, zer egin jakiteko. Lankideak hilaren 9tik berarekin kontaktuan egon ez garenez, taberna irekita mantentzeko arazorik ez nuela esan zidaten. Hala ere, Osalanetik jakinarazi ziguten hobe zela taberna ixtea, prebentzio modura, eta bertako langileei PCR probak egitea.

Noiz itxi zenuten taberna?

Pasa den asteazkenean itxi genuen taberna, eta ostegunean eta ostiralean egin genituen probak. Larunbaterako izan genuen gainerako langileok gure proben emaitzen berri: negatibo eman genuen guztiok. Azken egunetan medikuekin etengabeko kontaktuan egon gara.

Datozen egunetan, beraz, baduzue irekitzeko asmorik?

Baliteke biharko (asteazkenerako) taberna ireki ahal izatea, gainerako lankideon osasun berme guztiekin. Hala ere, ez da ziurra. Nik nahiago dut pixka bat itxaron. Positibo eman duen zerbitzaria, esaterako, ez da lanean hasiko. Gainera, larunbatean proba berri bat egin behar du.

Zer nolako ondorioak ekar ditzake egoera honek?

Alde batetik badut beldur apur bat. Sare sozialetan babes handia jaso dugu herritarren aldetik. Hala ere, ez dakit elkartasun hori gero tabernara nola transmitituko den, hau da, izan dezaketen kezka horri nola egingo dien aurre bezeroek. Oso ezberdinak dira sarean edo telefonoz jasotzen duzun erantzuna eta gero tabernan bertan jasotzen duzuna. Nik ziurtatzen diet segurtasun neurri guztiekin eta beharrezko berme guztiekin irekiko ditugula ateak.

Taberna ixteaz gain, zein neurri hartu behar izan dituzue langileek?

Taberna itxi genuen unetik, proba egin arte, eta proba egin ondoren emaitza jakin arte, etxetik atera gabe egon gara; guztira, ia astebete. Orain arte bajan egon gara, eta orain jaso dugu alta hartzeko baimena. Ez gara kalera atera ezertarako. Gaia serioa da eta neurriak bete beharrekoak dira. Ez gara behar adina konturatzen. Neurriak aholku modura ezarriz gero, gainera, gutxik betetzen dituzte. Jendea jabetzeko, isunak jartzea beharrezkoa izaten da. Gerrikoa estutzea egokitzen da, eta txantxetan ez hartzeko esango nioke jendeari, batez ere gazteei; izan ere, batzuek ez-entzunarena egiten dute.

Beharrezkoak iruditzen zaizkizu zenbait herritan ostalariei ezarritako neurriak?

Kolpe handia suposatzen dute. Zergatik ez ginen lehen tabernan musukoarekin ibiltzen eta orain bai? Hala ere, argi adierazi nion alkateari beharrezkoa dela hemen ere Tolosako neurri berdinak ezartzea, bestela bertako jendea hona etorriko delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!