Alurr dantza taldeak matrikulatzeko epea zabaldu du irailera arte

Ataria 2020ko uztailaren 16a

Irailaren 28a bitarte aukera izango da matrikulazioa egiteko; ikasturte berria, urrian hasi ordez, irailean hasiko da.

Urte berezia izatera zihoan aurtengoa Alurr dantza taldearentzat. 25. urteurreneko ospakizuna prestatzen ari ziren, baina, osasun egoera medio, atzeratu egin behar izan dute. Hala ere, hurrengo ikasturteari begira jarriak dira jada. Zabalik da dagoeneko matrikulatzeko epea irailaren 28ra bitarte. Matrikulazio orria alurr.eus webgunean edota Ibarrako Kultur Etxean eskura daiteke.

Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familiak kontuan hartu ditu Alurrek: epeka edota beranduago ordaintzeko aukera emango diete. Horretarako, aurrez jakinaraziko dute.

Bestalde, datorren ikasturtea urrian hasi ordez, irailean hastea erabaki dute. Horrela, amaitu berri den ikasturtean sortutako klase orduen desoreka leundu nahi dute. Beraz, gazte eta helduek irailaren 14an ekingo diete klaseei, eta haurren kasuan irailaren 28an hasiko dira.

Orain arte bezala, haur, nerabe, gazte eta balleteko taldeak osatzera bidean jarri dute martxan matrikulazioa. Baina helduek eta ikasle ohiek ere izango dute aukera.

Azkenik, dantza taldekoek gogorarazi dute oraindik 25. urteurrenaren barruan jarraitzen dutela, beraz, ospakizunak zutik jarraitzen duela.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!