Azken txanpan ezin izan dio eutsi

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 11a, 14:32

Jexux Mari Mujikak ezin izan du Eneko Otaño gainditu Lezan jokatu den Urrezko Aizkolarien Txapelketako final-laurdenetan.

Aizkolari ibartarra lehen bi probak aurretik amaitu ditu, segundo batzuen tartea hartuz, baina proba luzea zen hirugarrenean ezin izan dio eutsi. "Nire asmoa izan da hasieratik erasoa jotzea", esan du Mujikak. "Nire ustea zen lehen bi probetan segundo mordo bat galduko nituela eta gero, iraupen handiarekin nengoenez, ea proba luzean eutsiko nion, baina azkenean neroni lehertu naiz. Aurrenetik egin ditudan joaldiek gero zigortu egin didate azkeneko lanean". Lana beste saioetan baina handiagoa jarri dietela azaldu du Mujikak, egurrak "latza" zirela azalduz. "Horrelako egur handiak moztu gabe geunden, eta sorpresaz harrapatu gaitu, eta azkeneko lana kastigu dezentea izan da".

Lehenengo lanean sei segundo atera dizkio Mujikak, eta bigarrengoan bederatzi. Hori horrela, 15 segundoko abantailarekin hasi du hirugarren proba. "Lan luzean ere hasieratik nituenak emanez atera naiz. Gero harrapatzen hasi zait, eta azkeneko egur handiarekin hasi garenerako berak pasa dit, eta nik pixka bat etsi egin dut, ezin niolako jarraitu".

Finalerdietara pasa ez bada ere, egindako lanarekin "oso gustura" dagoela esan du Mujikak. "Oraindik plazara azaldu gabe nengoen, eta ikusi dut pisuz nahiko ondo nagoela eta orain gihar pixka bat hartu behar dudala. Gimnasioak-eta itxita egon dira eta horrelakoak egin gabe nituen", esan du. "Nik uste dut test on bat egin dudala gaurkoan, aurkaria zein zen ikusita. Bera oso ondo dagoela ikusi da; agian aurreneko txinparta hori faltan, baina azkeneko lanean ondo eutsi dit". Ibartarrak bazuen kezka eguraldiarekin, bero handia egingo ote zuen pentsatuz. "Egin du beroa, baina haize pixka bat bazebilen, eta ez da izan espero nuen bezainbestekoa", zehaztu du Mujikak.

Hurrengo saioa noiz izango duen zehazki ez daki ibartarrak. Urrezko Aizkolari Txapelketa antolatzen duen Luis Mari Bengoak azaldu dio Mujikari aurrera begira beste txapelketaren bat egiteko asmoa baduela, eta horretarako ere deituko diola. "Behintzat entrenamendura joan eta buruan zerbait duzula, helburu bat baduzula pentsatzea, ondo etortzen da", azaldu du Mujikak.

Harri-jasotze txapelketak

Lezan egin den jaialdian, gizonezkoen Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan Imanol Albizu Goikoetxe-k eta Inhar Urruzunok parte hartu dute. Goikoetxe-k guztira 37 jasoaldi egin ditu hiru harriekin. Urruzunok lehen harriarekin, zilindroarekin, zaintiratua izan du 13. jasoaldian, eta jarraitu egin du 19.ena egin arte. Gero, baina, kubikoa ezin izan du altxatu eta bertan behera utzi du proba.

Emakumezkoen Harri-Jasotze Txapelketan Virginia Finolek parte hartu du eta guztira 52 jasoaldi eman dizkio 63 kiloko hiru harri mota ezberdinei.

Argazkiak: Egur Sport

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!