Ezustekoa ematen saiatuko da Mujika

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 9a, 19:58

Jexux Mari Mujika ibartarra Eneko Otañoren aurka ariko da, larunbatean, Urrezko Aizkolarien Txapelketan.

Urrezko Aizkolarien Txapelketaren hirugarren final-laurdenetan sartuko da lehian Jexux Mari Mujika ibartarra. Eneko Otañoren aurka ariko da, Lezan (Araba) jokatuko den jaialdian, larunbatean, 12:00etan hasita. Norgehiagoka test bat izango dela dio Mujikak: «Jakin ere ez dakigu zehazki nola gauden sasoi aldetik. Konfinamenduan egin ditut etxean entrenamendu batzuk, baina oraindik aurkari baten kontra ez garenez topatu, askotan hor geratzen gara, ze mailatan gauden jakin gabe».

Faboritoa Otaño dela gaineratu du: «Otaño Otaño da, gaztea da, eta nire aldetik gauza on bat badut, galtzeko ezer ez dudala. Normalean berak irabaziko luke eta ni sorpresa emateko asmoarekin joango naiz». Saioan hiru proba egingo dituzte: 45 ontzakoa, 65 ontzakoa, eta luzeena sei enbor ebakitzea (hiru kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat). Azken lana, sei enborrekoa, beretzako «polita» dela dio: «Aurreneko presazko horiek niretzako ez dira hain egokiak. Adinez aurrera zoazen heinean pixka bat moteldu egiten zara, eta txinparta hori faltan botatzen duzu. Niri gehiago gustatzen zaizkit txapelketetako lan handi horiek. Horietan oraindik nahiko ondo moldatzen naiz».

Final-laurdeneko gakoa bigarren enborrean egongo dela dio ibartarrak. Lehenengoan denbora gutxiko abantaila izaten dela dio, baina bigarrengoa «egur handia» dela, eta hor bakoitzaren maila azaltzen hasten dela esan du. «Dena emanda joaten bazara, sekulako pasada hartzen duzu. Ebakia ere zehatza atera behar duzu, bestela bueltaka hasten bazara orduan bai minutua segituan joaten zaizula», esan du. Saioa irabazten duenak Mikel Larrañaga izango du zain finalerdian.

Konfinamenduaren hasieran ezer egin gabe egon zela dio ibartarrak. Kalean bizi da eta dena geratuta zegoenez, entrenatzen aritzen den lekura ezin zuen joan. «Etxean geldirik egonda, apetitoa ere dezentekoa dut, eta kolpean bi edo hiru kilo hartu nituen», esan du Mujikak. «Libre utzi zenean, batzuk hondartzara joan ziren moduan, eta beste batzuk parrandara, ni saiatu naiz kilo pare hori botatzen mendi bueltak-eta eginez». Lehen zuen pisura iritsi dela gaineratu du, baina orain saio batean nola aritzen den ikusi behar dela dio. «Iraupena izango dut lehenagokoa, baina agian gihar pixka bat galdu dut, pisua azkar jaitsi dudalako».

Pozik dago Mujika gonbidapena jaso zuelako Urrezko Aizkolarien Txapelketan parte hartzeko. «Geldirik egon naizen denbora horretan ez naiz batere gustura egon. Gurea aizkora izan da, beti horrela izan da, eta nik uste dut gustuena hor aritzen naizela», esan du. Horrez gain, aurtengo denboraldia nola joango den ez dakiela dio ibartarrak: «Txapelketak-eta geratuko ote diren ari dira esaten. Bestalde, aizkolariak gure artean ari gara hitz egiten zerbait egiteko. Nire aldetik, behintzat, zerbait egitea hobea iruditzen zait, bestela pena da urtebetez geldirik egotea».

HARRI-JASOTZE TXAPELKETAK

Harri-jasotzeko bi txapelketen saio bana egingo da Lezako jaialdian. Gizonezkoen Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan Imanol Albizu Goikoetxe eta Inhar Urruzuno ariko dira. Emakumezkoen harri-jasotze Txapelketan Virginia Finol izango da parte hartzailea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!