"Ez dut erretiroaren data jarri nahi; azkenean data futbolak jartzen du"

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 7a, 11:59

Gozatu egiten du Mikel Saizar atezain ibartarrak entrenatzen eta partidak jokatzen, eta bukatu den denboraldi honetan ere gustura aritu da atezainak entrenatzen. Ahal duen arte jokatzen jarraituko du.

Hainbat futbol taldetan izan da Mikel Saizar (Ibarra, 1983) atezaina, eta egun Amorebieta taldean dago, 2. B mailan. Bukatu den denboraldi honetan beste bide bati ere ekin dio, atezain entrenatzailearena. Eibar taldeko emakumezkoen lehen taldean aritu da zeregin horretan eta hurrengo denboraldian ere jarraituko du.

Nolako denboraldia izan da?

Motza izan da. Guretzat denboraldi ona izaten ari zen. Seigarren gindoazen, hiru-lau puntura igoera fasean sartzeko, eta hamar jardunaldi falta ziren. Pena bat izan da, egia esan, taldea momentu onean baitzegoen. Baina osasuna garrantzitsuagoa da futbola baino, eta ematen duenez egin dugun etenaldi hau ondo joan da, eta buelta ematen ari gara.

Nola bizitu duzu konfinamendua?

Denak bezala, etxean egon gara, denbora luzez, atera gabe. Bi haur ditugu eta biek ondo eraman dute eta guk ere ondo eraman dugu. Haurrak gaizki egon izan balira, gu ere gaizki egongo ginateke, beraz, zortea izan dugu ondo egon direlako. Denbora asko pasa dut umeekin eta beste era batera aprobetxatu dut.

Denboraldia bukatuta duzue. Orain ere jarraitzen duzu ariketa fisikoa egiten?

Konfinamenduan ere zer edo zer egiten nuen etxean. 37 urte ditut, eta bi hilabetez geldituko banintz, uste dut gorputzak ez zuela berriz arrankatuko, futbolerako behintzat. Egunero zerbait egin dut, eta orain mendira joan gaitezkeenez eta frontoiak irekita daudenez, goizean egiten dut egunero kirola. Ea mantentzen den pixka bat gorputza, etenaldi luze honen ondoren behintzat, gero arrankatzeko.

Noiz hasiko zara berriro entrenamenduetan?

Eibarko neskekin uztailaren 16an hasiko gara entrenatzen, eta Amorebietarekin abuztu hasieran edo.

Beste kontu bat izango da hurrengo denboraldia nola gauzatuko den. Zerbait badakizu?

Jakiteko zain gaude. Esaten dute motzagoa izango dela denboraldia eta beranduago hasiko garela. Ez dakigu partida gutxiago izango diren edo astean zehar ere jokatuko dugun. Nire aldetik, egia esan, gogoa dut entrenamenduekin hasteko. Lagunekin egon eta pixka bat arrankatzeko.

Datorren denboraldian Amorebietan jarraituko duzu. Beste urtebeterako hitzarmena duzu?

Denboraldia bukatzerakoan beste urtebetez jarraitzeko esan zidaten eta Eibarkoekin hitz egin nuen, ea bateratzeko aukera nuen, aurten lehen mailara igo denez bidaiak luzeagoak izango direlako. Baiezkoa esan zidaten eta bi zereginak bateratuko ditut.

Amorebietan titular moduan ari zara, ezta?

Bai, partida guztiak jokatu nituen, eta asko gozatu dut. Badakit azken urteak direla futbolean eta gehiago gozatzen da.

Erretiroa hartzeko epea jarri duzu, edo urtez urte joango zara ikusten?

Bai, urtez urte joango naiz. Egunero gozatu egiten dut, entrenamenduetara joaten gozatu egiten dut, partidak asko gozatu ditut. Gozatzen ez dudan momentua iristen denean, orduan izango da uzteko unea. Nik ez dut datarik jarri nahi; azkenean data futbolak jartzen du.

Atezainek normalean ibilbide luzeagoa izaten duzue.

Normalean bai. Pixka bat zainduta posible da. Partida guztiak jokatu ditut, entrenamendu guztiak egin ditut, eta fisikoki oraingoz ondo nago, eta lehen esandakoa, gozatzen dudan bitartean, jarraitzeko asmoa dut.

Zer asmo izango du taldeak hurrengo denboraldian?

Egia esan ez dakit nola izango den liga hurrengo denboraldian. Orain 2. B mailan talde gehiago izango dira, eta ez dakit zenbat multzo jarriko dituzten, nola osatuko dituzten. Gero, ematen duenez beste maila bat egin nahi dute 2. maila eta 2. B maila bitartean... Pixka bat airean dago, eta ea noiz esaten diguten zerbait garbi.

Hainbat taldetan aritu zara. Atzera begiratuz, zer datorkizu burura?

Gauza politak, oroitzapen politak. Toki guztietan oso gustura egon naiz. Zorte handia izan dut, toki onak eta jende oso ona ezagutu dudalako. Hamabost bat urte egin ditut kanpoan, eta oroitzapen oso onak etortzen zaizkit burura.

Atezain izateaz gain, atezainak ere entrenatzen dituzu, Eibarko emakumezkoen taldekoak, kasu. Nola joan da esperientzia?

Esperientzia oso polita izan da. Niretzat berria zen eta nik neuk ere ikasi egin dut. Egunero atezainak entrenatzen, eta egunetik egunera nola hobetzen duten ikustea oso polita izan da. Gero hori partidetan islatzen da, eta Lehen Mailara igo garenez, urte borobila izan da. Denboraldia bigarren maila berri horretan hasi ginen eta ez genekien nola izango zen, dena berria baitzen guretzat. Bigarren joan ginen, eta azkenean igotzeko aukera zuen hurrengo taldea bost puntura utzi genuen. Bi partida bakarrik galdu ditugu urte osoan eta gol gutxien jaso dugun taldea izan gara. Urte polita izan da, eta badakigu datorren denboraldia Lehen Mailan zailagoa eta gogorragoa izango dela, eta partida gehiago galduko ditugula. Gure helburua Lehen Mailan geratzea izango da.

Gol gutxien jaso dituen taldea izatea, harro egoteko modukoa izango da, ezta?

Astetik astera atezainek nola hobetzen zuten ikustea izan da politena. Taldea berez defentsa aldetik oso ondo egon zen, eta jokatu duten bi atezainek oso ondo jokatu dute. Niretzako lan polita izan da.

Datorren urtean, beraz, beste erronka bat izango da. Besteak beste, bi taldeetako lanak bateratzea zailagoa egingo zaizu.

Eibarrek kanpoan jokatzen duenean normalean ezin izango dut joan. Bidaia luzeak izango dira, eta, beraz, ahal dudanean etxeko partidetara joango naiz; ea posible den kanpoko zenbat partidetara ere joan ahal izatea.

Atezainen entrenatzaileak zer eginkizun izaten du partidetan?

Atezainei berotzen lagundu, eta gero partidak analizatu. Niri partidetara bidaiatzea gustatzen zait, lasaiago zaude, eta begirada batekin elkar ulertzen dugu. Harreman berezia izaten dugu, eta nik uste dut garrantzitsua dela hor egotea; baina, izango dira egon ezingo dudan bidaia batzuk.

Jokalari bezala erretiroa hartu ondoren, atezain entrenatzaile izaten jarraitzeko asmoa duzu?

Aurten hasi naiz, eta asko gustatu zait. Ideia hori dut aurrera begira, ikastaro guztiak eta masterra egina dauzkat. Nire bokazioa dela ikusten dut; asko gustatzen zait atezainak analizatzea eta entrenamenduak prestatzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!