Aurrekontuan aldaketak egin ditu Ibarrako Udalak

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 1a, 11:00

Aurreikusitakoa baino 850.000 euro gutxiagorekin egin beharko dio aurre udalak urteari; gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez egitea erabaki dute.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, 2020ko aurrekontua «erabat mugatu» beharrean ikusi da Ibarrako Udala. Puntuz puntu eta sailez sail begiratu dute aurrekontua, eta alor guztietan murrizketak egin behar izan dituztela azaldu du Igor Zapirain alkateak, gizarte zerbitzuetan izan ezik. Aurreikusita zeuden hainbat egitasmo bertan behera utzi behar izan dituzte.

Egungo egoeran herritarren ongizatea bermatzea helburu izanik, gizarte zerbitzuetako partidak mantentzea erabaki dute, «horretan ez dugu inolako zalantzarik izan». Gainera, alkateak azaldu duenez, seguruenik diru kantitate gehiago bideratu beharko dutela aurreikusi dute, «beharra izango dela uste dugu».

Bestelako alor batzuk ukitu behar izan dituzte murrizketak egiteko. Besteak beste, udalak herriko eragile ezberdinei eman ohi dizkien diru laguntzak %15 jaitsi dituzte: «Saiatu gara ahalik eta gutxien jaisten, baina egin beharrean ikusi gara, diru asko baitzen, eta bestela ez ginen iristen».

Horrez gain, aurtengo inbertsio nagusienetako bat ere bertan behera utzi behar izan dute, momentuz: Belabieta kiroldegiko estalpea berritu nahi zuten, baina «ezinezkoa» dela ikusi dute. «Gipuzkoako Foru Aldunditik diru laguntza bat iritsi behar zitzaigun horretarako, baina eten egin dituzte laguntzak, eta kasu honetan obra horrek udalarentzat 400.000 euro inguruko gastu bat suposatzen zuen; aurten ezingo dugu egin».

Hainbat konturekin, ordea, aurrera egiteko erabakia hartu dute. Herri sarrera txukuntzeko obra lanak esleituta zeudela azaldu dute, eta horrekin aurrera egingo dutela esan du Zapirainek. Seinalizazioak sinplifikatu eta edukiontzi nahiz barandak txukuntzea da asmoa. Horrez gain, Bizi Nahi elkarteko tabernan obra egin nahi dute, txukundu eta berritzeko. «Proiektu hori mantendu egin nahi izan dugu, izan ere, inbertsio bat bezala ikusten dugu hirugarren adinekoei laguntzeko», zehaztu du alkateak.

Ingurumenaren aldetik ere partida zati bat mantendu egin nahi izan dute. Energia berriztagarrien aldeko apustuarekin jarraitzeko ideia erakutsi dute. Kiroldegiko estalpe berrian, eguzki panelak jartzea zen hasiera bateko asmoa, baina egingo ez denez, pilotalekuaren gainean jarriko dituzte hainbat panel: «Panel gutxiago izango dira, baina energia berriztagarrien aldeko pauso bat behintzat eman nahi dugu».

FESTAK, BERTAN BEHERA

San Bartolome festak bertan behera uzteko erabakia hartu du aurten festa batzordeak. Horrek, udalaren aurrekontuan ere badu bere eragina. 68.000 euro inguru bideratzen dituzte festetara, eta 50.000 euro murrizteko erabakia hartu dute. Festa batzordearekin irailean berriro elkartuko direla esan du Zapirainek, eta pandemiak zein norabide duen aztertu ondoren, urte amaierara bitarte ekimen txiki batzuk egitea dela asmoa aurreratu du, betiere festa batzordearekin adostuta.

Partida ezberdinetan murrizketak eginagatik, sarreretan ere hutsuneak nabarmenak izan direla dio alkateak. Egoerak hala ekarrita, herriko merkatariei diru laguntzak eman dizkiete aurrera egin ahal izateko, TAO zerbitzua ere etenda eduki dute eta hortik jasotzen dituzten sarrerak ere ez zaizkie iritsi, eta industriek eta merkatariek zaborragatik ordaintzen duten tasa ere jaistea pentsatzen ari dira; etxebizitzek daukaten tasa bera jartzeko asmoa dutela esan du.

Alde guztietatik murrizketak egin behar izan dituzte, beraz. «Foru Funtsa %20an murrizteak 650.000 euro gutxiago jasoko ditugula esan nahi du, baina horri jasoko ez ditugun beste hainbat sarrera gehitu behar zaizkio, besteak beste, merkatarien diru laguntzak, TAO zerbitzuagatik jasotzen duguna, edota zaborraren tasak; guztira 850.000 euro inguruko murrizketa suposatzen du horrek aurrekontuan».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!