Apattan hasiko da Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 24a, 10:56
2015eko DIVA Pentsuak Saria

Jexux Mari Mujika ibartarrak parte hartuko du txapelketan, uztailaren 11n.

Aurten ere, Urrezko Aizkolari Txapelketa lehiatuko da baina indarrean dauden osasun arazoak direla eta, ekainean, uztailean eta abuztuan egingo da aurtengo edizioa. Hain justu, XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Apatta industriagunean hasiko da, larunbat honetan. Txapelketan Jexux Mari Mujika ibartarrak parte hartuko du, baina aurrerago sartuko da lehian, uztailaren 11n zehazki.

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte. Mujikaz gain, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi eta Iñaki Azurmendi ariko dira. Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartuko dira zuzenean, hau da, Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a'. Final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatuko dira, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.

Lehen final-laurdena izango da jokoan larunbateko saioan. Diva Pentsuak enpresak Apatta industriagunean duen lantegiaren aurrean jokatuko da, 11:00etan hasiko den jaialdian. Jon Rekondok eta Iñaki Azurmendik neurtuko dituzte indarrak, eta irabazle suertatzen denak Iker Vicenteren aurka jokatuko du finalerdia.

Bigarren final-laurdena, uztailaren 4an izango da, bertan Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza II.a nor baino nor gehiago ariko dira, eta irabazlea Txikia IV.aren aurka lehiatuko da finalerdian.

Mujika hirugarren final-laurdenean ariko da, uztailaren 11n, eta Eneko Otaño izango du aurkari. Irabazleak Mikel Larrañagaren kontra jokatuko du finalerdian. Finalerdietako hiru irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 1ean edo 2an.

Txapelketan zehar egin behar duten lana sei enbor ebakitzea izango da, hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Egur Sport enpresak sustatzen du Urrezko Aizkolari Txapelketa, eta beste bi lehiaketa ere antolatu ditu aste hauetarako, biak harri-jasotzekoak. Batetik, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa, gizonezkoek parte hartuko dutena, eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa. Eskualdeko kirolaririk ez da izango ez txapelketa batean ezta bestean ere.

Larunbatean Apatta industriagunean egingo den jaialdian, txapelketa horietako saio bana izango da jokoan. Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan, Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi Urra ariko dira nor baino nor. Emakumezkoen txapelketan, saioak banaka egingo dituzte, eta Apattakoan Udane Ostolaza ariko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!