Tonbola bidez sariak banatuko ditu Ibarrako Merkatari Elkarteak

Irati Saizar Artola 2020ko ekainaren 16a

Ekonomia berriro aktibatzeko egitasmoa jarri dute martxan; guztira, 600 sari eta 2.000 euro banatuko dituzte herriko komertzioetan erosketak egiten dituztenen artean.

Ibarrako Merkatari Elkarteak sustapen kanpaina berri bat jarri du martxan: herriko saltokietan tonbola abiatu dute. Ibarrako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu dute egitasmoa. Horrela, bertako saltokietan egindako erosketak saritu nahi dituzte, «ekonomiaren berraktibazioa eta herran kontsumitzeko filosofia bultzatzeko helburuarekin».

Herritarrek saltokiren batean egiten duten kontsumizio bakoitzeko txartel bat jasoko dute, hau da, tonbolan parte hartzeko aukera bat eskuratuko dute. Dagoeneko, herriko komertzioak hasiak dira txartelak banatzen, eta hainbat herritarrek jaso dute sariren bat edo beste. Uztailaren amaierara arte edo sariak amaitzen direnera arte jarraituko du martxan lehiak.

Sariei dagokienez, guztira 600 sari eta 2.000 euro banatzea da merkatari elkartearen asmoa, 50 euroko 40 erosketa txeketan. Opariak merchandising elementuak izango dira: 100 motxila pintagarri, 75 botila berrerabilgarri, 25 erloju adimendu, 300 poltsa berrerabilgarri, 75 kanpo bateria eta 25 aterki.

Ibarrako Merkatarien Elkartetik, bertako komertzioa babesten jarraitzeko deia egin diete herritar guztiei: «Sentitu berriro ere tonbolako txartel bat irekitzean urduritasun hori».

BERTAKOEN ALDE

Lauburu Kirol Elkarteak martxan jarritako Nik herrian, zuk? kanpaina ere bere amaierara iristen ari da. Larrialdi egoeragatik itxita egon diren ostalariak eta komertzioak lagundu nahi izan dituzte, eta horretarako diru bilketa kanpaina bat jarri zuten martxan maiatza erdialdean. Dagoeneko 4.645 euro bildu dituzte, eta bada oraindik diru ekarpena egiteko aukera, azken eguna ekainaren 19a, ostirala, izango baita.

Hiru bide daude ekarpena egiteko: batetik, itsulapikoa.eus helbidean; bestetik, honako kontu korronte zenbakira transferentzia bat eginda: ES46 3035 0141 83 1410008604; edota azkenik, Bizum bidez egin ahalko du bakoitzak bere ekarpena, 690 778 656 telefono zenbakira bidalita.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!