Koronabirusa

Astelehenean zabalduko da Belabieta kiroldegia

Ataria 2020ko ekainaren 12a

Bazkideentzako irekiko da eta bakarrik fitness edo muskulazio gela egongo da erabilgarri. Hitzordua eskatu beharko da, printzipioz ordubeteko saioak egiteko.

Hitzordua eskatzeko kiroldegira deitu beharko da, 943 67 15 44 zenbakira. Gehienez 22 erabiltzaile egon ahalko dira batera Belabietan, eta ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 22:30era izango da.

Hainbat neurri hartuko beharko dira kiroldegira sartzeko eta aparatuak erabiltzeko. Batetik, txartela erakutsi beharko da eta eskuak garbitu beharko dira, eta maskara jantzita sartzea beharrezkoa izango da. Aldagelak eta komunak erabili ahalko dira. Aparatu bakoitzean erabiltzaile bakarra egongo da, eta erabili aurretik zein ondoren, eskuak garbitu egingo dira eta makina desinfektatu egingo da. Horretarako kiroldegiak berak jarriko du materiala. Zakarrontzi berezi bat jarriko dute, desinfektatzeko erabiltzen den papera botatzeko. Maskara erabili beharko da sarreratik makinara iritsi bitartean; makina erabiltzerakoan kendu ahalko da maskara, baina makina batetik bestera joateko, berriro jantzi egin beharko da.

Belabietako kantxa ez da erabilgarri izango, ez erabiltzaile orokorrarentzat ezta kirol taldeentzat ere. Kiroldegia osotasunean irailean irekitzeko asmoa dute, beti ere garai horretan izango den egoeraren arabera.

Hitzordua hartu behar da frontoietarako

Belabietako frontoia, Erraketistak frontoia (Emeterio Arresekoa) eta Argindegi frontoia irekita daude, baina ordua hartu beharko da erabili ahal izateko. Horretarako, Belabieta kiroldegiko telefono zenbakira deitu behar da. Frontoietara sarrerak eta irteerak seinale bidez markatuta egongo dira. Udaltzainak ariko dira frontoien erabilera zuzena egiten dela begiratzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!