'Oporretan euskaraz' eta 'GazteZulo Udan' egitasmoak abiaraziko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 13a, 05:59

Ibarrako Udala herriko haur eta nerabeei udan euskarazko aisialdia eskaintzeko saiakera berezia egiten ari da. Ekainaren 15etik 17ra eman ahalko da izena Oporrak euskaraz egitasmoan. GaztZulo Udan egitasmoan, berriz, ekainaren 16tik 18ra.

Oporretan euskaraz egitasmoak eta Gaztezuloren eskaintzak herriko familientzat duten garrantziaz jabetu da Ibarrako Udala eta saiakera berezi bat egiteko ahaleginetan ari dira, egitasmoak aurrera atera daitezen.

Beharrezko irizpideak jarraituz, talde txikiagoetan eta epe laburragoan eskainiko dute Oporretan euskaraz zerbitzua. 2 urtetik 10 urte arteko haurrei dago zuzenduta, eta aurten bi hamabostalditan banatuko da, beraz, ez da izango orain artean bezala hilabeteko iraupenekoa. Haur bakoitzak hamabostaldi bakarrean hartuko du parte.

Bi aldietan, 50 haurrentzat egongo da lekua, eta haurrak 5eko taldeetan antolatuko dira, eta 5eko talde bakoitzak begirale bat izango du. Haur bakoitzak egunero bi maskarilla eraman beharko ditu. Eskuen garbiketa egingo da eta segurtasun tartea errespetatzen duten jolasak egingo dituzte.

Oporrak euskaraz zerbitzuan, behar gehien dutenei emango zaie lehentasuna. Hala, egoera zaurgarrian dauden haurrek eta zaintza eta lanaren kontziliazioan arazoak dituzten familietako haurrek izango dute lehentasuna. Ondoren, gainerako haurren artean zozketa egingo da 50 haurreko kopurura iritsi arte.

Prozedura desberdin bat da ari dira aurrera eramaten guztia antolatzeko, eta matrikulatzeko garaian ere desberdina egingo da. Lehenik eta behin, aurrematrikulazioa egin beharko da, zenbaterainoko eskaera dagoen jakiteko. Hau, ekainaren 15, 16 eta 17 egunen barruan egin beharko da. Bi aukera hauen bidez: Ibarrako Udalaren weborrian zintzilikatuko duten formularioa beteta edo udaletxera joanda, 11:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegian.

Behin aurrematrikula egin ondoren, ekainaren 19tik 22ra familiekin hartu-emanetan jarriko da udala. 23an zozketa burutuko da eta azkenik, 24 eta 25ean matrikulazioa egingo dute zerbitzuan lekua duten familiek. 

Azkenik, ekainaren 29 eta 30ean harremanetan jarriko dira antolakuntzatik, uztailaren 1ean haurrek nora agertu behar duten adierazteko. Izan ere, herriko toki desberdinetan elkartuko dira.

GazteZulo Udan

Uztailean zehar LH5 eta DBH4 ikasmaila bitarteko gaztetxo eta nerabeei zuzentzen zaien udako zerbitzu berezia eskaintzea da Ibarrako Udalaren asmoa. Ekintzak goiz pasa edo arratsalde pasa bezala antolatuko dira eta talde txikietan egingo da lan. Goizero eta arratsaldero, 2 talde egongo dira aldi berean ekintza bera egiten, espazio desberdinetan.

Izen ematea ekainaren 16tik 18ra egin ahalko da webgune bidez edo presentzialki. Izena emanez gero, udako ekintza guztietan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko da.

Ekainaren 19an zozketa bidez antolatuko dira taldeak, eta ekainaren 25 eta 26an izena ematen dutenen guraso edo tutore legalekin zerbitzuaren funtzionamenduaren eta protokoloen inguruko jarraibide eta argibideak azaltzeko bilera telematikoa egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!