Enplegu zerbitzua hasi da jendaurrekoarekin

Ataria 2020ko ekainaren 3a

Tolosaldea Garatzeneko enplegu saila aurrez aurrekoarekin hasi zen astelehenean; banaka egingo da, eta aurrez hitzordua hartuta.

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Zentroak astelehenean berrekin zion aurrez aurreko arre- ta zerbitzuari. 09:00etatik 15:00etara bitarteko arreta eskainiko du, aurrerantzean, baina horretarako beharrezkoa izango da aurrez hitzordua eskatzea. Bi modutara egin ahal dela azaldu dute, 943 65 45 01 edo 617 85 46 84 telefono zenbakietara deituta, edo lan@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatzita.

Osasun eta segurtasun neurriak jarraituz, hitzordura bakarka joan beharko dela ere adierazi dute enplegu zerbitzutik. Apatta industriagunean kokaturiko Lehiberri eraikinaren barruan uneoro distantzia mantendu beharko da, eta norbere babeserako maskara jantzi beharko da. «Neurri horiekin erabiltzaile eta langileen segurtasuna eta osasuna babestu nahi ditugu», azaldu dute.

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Zentroa, Lanbideren zentro kolaboratzaile eta Kolokazio Agentzia ere bada, eta zenbait kasutarako arreta birtuala ere eskaintzen du; lanerako orientazioa eta informazioa, lan-eskaintzen izen-emateak, eta langile nahiz langabeentzat enplegu programetan parte hartzeko jarraibideak, telefonoz ere egiteko aukera ematen du. Horretarako ere hitzordua eskatu beharko da, aurrez aipatutako telefono zenbakietara deituta edo helbide elektronikora idatzita. Era berean, Tolosaldea Garatzenetik gogoratu dute azken asteetan osasun krisiaren ondorioz jendaurreko zerbitzua etenda izan badute ere, telematikoki lanean jarraitu dutela.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!