QR kode bidezko egitasmoa abiatu du Ibarrako Gaztezulok

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 3a, 12:13

Haur, gazte eta helduentzat QR kodeak dituzten kartelak jarri dituzte herrian zehar; horien bitartez, jolasak, erronkak, tailerrak eta galdetegiak egin ahalko dira.

Ibarrako Gaztezulok egitasmo berri bat jarri du martxan: Etxetik Kalera. Neurriak arintzen doazen heinean, Ibarrako haur, nerabe eta gazteak kalean elkartzen hasiak dira, haien aisia herriko espazio desberdinetan igaroz. Hori aprobetxatuz, QR kodeak dituzten kartel batzuk jarri dituzte herriko gune ezberdinetan. Eta horien bitartez, jolasak, tailerrak, galdetegiak eta beraien iritziak jasotzeko formularioak zabaldu dituzte.

Itxialdiak iraun duen asteetan zehar, baliabide telematikoen bidez martxan jarritako egitasmoek «arrakasta nabarmena» izan dute. Neurriak arintzearekin batera, ordea, egitasmo telematikoak «indarra galtzen» joan direla azaldu dute Gaztezulokoek. Oraindik esku hartze zuzenik egin ezin denez, beste aukera batzuk diseinatu behar izan dituzte. Egitasmo berri horrekin, «herritarrekin zuzenean konektatuta egotea» lortu nahi dute. Horrela, Gaztezulok eskaintzen duen zerbitzuarekin jarraitzen ahalbidetzen diete, egoera berrira egokituz.

QR kode horiek kolore ezberdinetan ipini dituzte, eta adin tarte bakoitzari kolore bana jarri diote: haurrek kolore gorria izango dute, gazteek berdea eta helduek urdina. Kodeak daramatzaten kartek horiek, haur, nerabe, gazte eta familiak elkartzen diren herriko espazio ezberdinetan kokatu dituzte. Besteak beste, haurrentzat, San Inazion, plazan, EH plazan, Goxobin; gazteentzat, Azkueko ping pongean, Goxobin, San Inazion eta Arantzazuko aman; eta helduentzat, Zubiaurren, Eguzkiloren, Coviranen eta Azkue okindegian.

Astebete igaro ostean, QR kode berriak jarriko dituzte, horrela, astero eduki berriak jasotzeko aukera izango da.

Egitasmo hau, udako eskaintza hasi bitartean garatzea aurreikusi dute, betiere egoeraren arabera moldatu daitekeela jakitun.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!