"Gaur egun naizena naiz, besteak beste, Laubururengatik"

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 3a, 07:30

Hamabost urte egin ditu Lauburun Aitzol Oiarbidek, azken lauak lehen taldeko kapitain moduan. Urte guztietan jasotakoa orain gazte mailakoekin elkarbanatu nahi du, berak izandako aukera izan dezaten.

Jokatzeari utzi eta beste zereginetan murgildu da Aitzol Oiarbide (Ibarra, 1990) Lauburu Ibarra klubean. Jokatu duen urte guztietan gozatu duela argi utzi du.

15 urteko ibilbideari bukaera eman diozu. Zer etortzen zaizu burura atzera begiratzean?

Azkenean, konturatzerako urte asko direla. Dena gogoratu nahian, eta bizipen asko etortzen zaizkit burura: debuta, mailaz jaitsi ginenean, Bigarren B mailara igo ginenean berriro..., oroitzapen asko.

Zaila izan da erabakia hartzea?

Iazko denboraldia bukatzean, ea beste urtebete jarraitzeak merezi zuen planteatzen hasi nintzen. Urte horretan Jon Garmendiak eta Joseba Balerdik utzi zuten. Nik beste urtebeterako gogoa banuen, eta aurtengo denboraldian areto futbolak nire lekuan jarri nau: ikusi dut fisikoki ere arazo gehiago izaten ari naizela eta iruditzen zait orain dela momentua uzteko.

Ezin izan duzu kantxan agur esan.

Hainbeste urte kantxetan pasa ondoren, kantxetan agur esatea nahi nuen, bai. Pena dut alde horretatik. Gozatzen ari nintzen, nahiz etxean nahiz kanpoan jokatzen nuenean. Arantza txiki bat geratu zait, baina dagoeneko gainditua dut, eta aurrera begira jarrita nago.

Klubak omenaldiren bat egiteko asmorik badu?

Ez dakit ezer, baina egia esan nik egin behar nuena egin nuen. Eskutitz bat idatzi nuen, horrela sentitzen nuelako, eta horrekin nahikoa dut. Komunikabideetatik zenbat dei izan ditudan ere harritu nau, eta denei eskerrak eman nahi nizkien.

Ibilbideari buruz hitz egin aurretik, aurtengo denboraldia aipatuko dugu. Nolakoa izan da?

Aurrekoan bigarren geratu ginela ikusita, azken jardunaldira arte lehian egonez, esan daiteke aurtengoa ez dela izan positiboa. Nahiko arraroa ere izan da. Denboraldi hasiera bikaina izan zen; gero, kopan bigarren mailako talde baten aurka partida ikaragarria egin genuen, eta ikusi genuen maila horretara iritsi gintezkeela. Hortik aurrera taldeak fisikoki eta mentalki diferentzia nabaritu zuen. Lehen itzulia amaitu baino lehen, gakoa arazo batzuk izan genituela izan zen. Atera behar izan genituen partida batzuk ez genituen atera, eta hor pixka bat atzean geratu ginen. Bazirudien bigarren itzuliaren hasieran, partidak irabazten hasi ginenean, taldea berriz ere indartsu ari zela, baina COVID-19aran kontu honekin denboraldia bertan behera geratu zen.

Datorren denboraldira begira aldaketa nabarmenak izango dira taldean. Zuk uzteaz gain, beste bi jokalari taldez aldatuko dira eta entrenatzaile berria etorriko da Ibarrara.

Klubean jarraitzen dut, eta gertutik daramat lehen taldearen ibilbidea. Aldaketa batzuk izan dira, lehenbizi entrenatzailearena. Alfredo Hualderen ordez, Jota dator, entrenatzaile bikain bat. Klubak apustua egin du entrenatzaile horrekiko, badakielako taldeari asko emango diola. Bere helburua bigarren mailara igotzeko postuetan egotea da, eta horren apustua egin du Jota-rekin. Bestalde, Oihanek eta Javi Saldisek taldea uzten dute, eta entrenatzailea eta zuzendaritza hor gabiltza taldea osatu nahian, ahalik eta lehiakorrena izateko lehen postu horietan egoteko.

Beste kontu bat izango da denboraldia bera noiz eta nola hasiko den.

Hori guztioi gertatuko zaigu, era berdinean. Osakidetzak agintzen du hor eta horren arabera izango dira erabakiak. Orain arte bezala, ez dakigu irailean hasiko den denboraldia, ez beranduago hasiko ote den. Ez dakigu ezer. Gainera, badirudi formatua ere aldatu egingo dela. Jaitsierak ez dira egon, baina igoerak bai, eta badirudi datorren denboraldian 18 talde izango garela, 16 izan ordez. Horrek ere aldaketa batzuk suposatuko ditu.

Zure ibilbidera itzuliz, espero zenuen hainbeste urtez egotea Lauburun?

Egia esan, ez dakit nola erantzun. Azkenean, urtez urte joan naiz, eta gozatu egin dut. Atseden psikologiko bat behar izan nuenean bigarren taldean egon naiz jokatzen, eta azken sei-zazpi urteak jarraian egin ditut, gozatzen. Bigarren bolada honetan izan dudan sentsazioa da urtero asko gozatu dudala, eta urtero gauza berri bat ikasi dudala. Eta ikusi dudanean nire taldekideak askoz gehiago direla, arazoak ditudala fisikoki intentsitate handi horretan ibiltzeko, aurten nabaritu baitut lehenengo aldiz ez naizela gai maila horretara iristeko, hartu dut uzteko erabakia.

Nola dituzu gogoan lehen urteak?

Kadete adinean sartu nintzen, baina jubeniletako taldea zegoen, eta hor hasi nintzen. Gehienak herrikoak ginen, Ibarrakoak eta Tolosakoak ere bai. Oroitzapen oso onak ditut pertsona guztiekin, baita esperientzia horietan ikasitako gauza asko ere bai. Euskadiko Txapelketa irabazi genuen bi urtez jarraian, eta oroitzapen onak ditut. Gerora, lehen taldera saltoa egin nuenean, ibilbide guztian gozatu egin dut. Taldekideez ikasten nuen, eta aprobetxatu nuen nire teknika-eta garatzeko. Lagun giro oso ona genuen eta gozatu egin genuen.

Taldeko kapitaina izan zara azken urteetan. Zer suposatu du horrek?

Bai, azken lau urtetan izan naiz. Kapitain bezala jokalarien eta entrenatzailearen arteko lotura lanak egin behar dituzu, eta bien interesak errespetatzen saiatu behar zara. Kantxan ere epaileekin lana dago, eta aurkariekin arlo psikologikoan ere lanketa dezente dago. Horiek uztartzen eta ahal den ondoen egiten eta taldearentzako hoberena ateratzen saiatu gara.

Zer eman dizu Lauburuko jokalari izateak?

Kirola egitera ohitu naiz, bizimodu bat izan da niretzako. Ikasketak egin nituenean, egunekoa bukatzerakoan entrenatzera joan behar izaten nuen; lanarekin ere berdin, lanetik atera eta entrenatzera joan behar izaten nuen. Niretzako estresa kentzeko modu bat izan da. Pasioa izan da eta gozatu egin dut. Gaur egun naizena naiz, besteak beste, areto futbolarengatik eta Laubururengatik.

Jokalari izateari utzi diozu, baina oraindik lotuta jarraituko duzu taldearekin. Zertan zehazki?

Une honetan lehen taldeko osaketaz arduratzen den taldean sartuta nago, jokalariekin harreman handia dut eta. Gainerakoan, gazteei laguntzeko asmoa dut: gazte talde bat hartu eta nik ikasitako guztia transmititzen saiatu eta beraiekin disfrutatu ere.

Entrenatzaile bezala jarduteko titulurik ateratzen ari zara?

Oraindik ez. Aukera dudanean, lehen mailako titulua atera eta entrenatzeko aukera izateko asmoa dut. Lehen urte hauetan gazteekin ariko naiz eta beraiekin gozatu nahi dut.

Zer esango zenioke gazte bati areto futbolean hastera animatzeko?

Badakigu kirol aukera asko daudela eskualdean, eta denak probatzeko aukera izan behar dute gazteek. Niri areto futbolak asko eman dit, asko gozatu dut, laguntza on asko ere izan dut, eta esan behar dut ere laguntza hori gabe ez nuela ezer lortuko. Lauburun izan dut aukera hori. Nire helburua da atzetik datozen gazte hauek nik izan dudan aukera bera izatea da eta horretan egingo dut lan. Kirol bezala erakargarria da, eta laguntza onarekin are eta erakargarriagoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!