Lauburu Eskolak datorren denboraldirako izen ematea ireki du

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 21a, 19:00

Klubeko Futsal Eskolaren proiektuak abiadura hartu du bere hirugarren urtean.

Lauburuko Areto Futboleko Eskolako haurren onarpen onak plazen eskaria bultzatu du eta klubak premia berrietara egokitu du bere eskaintza. Ordutegi berriak, eduki berriak, material berria eta begirale kopuruaren handitzea izango dira Eskolaren berrikuntza nagusiak. Ilusio berriekin eta lehen bi urte hauetan finkaturiko proiektutik jasotako esperientziatik abiatuta helduko zaio hirugarren ikasturte honi. Izan ere, sufritzen ari garen konfinamenduak, gehiagorako gogoz utzi du kluba.

Sortu diren talde berriak jaiotza-urteen arabera banatuko dira. Benjaminek astelehenetan entrenatuko dute eta, alebinek, berriz, ostiraletan. Era berean, kategoria bakoitzaren barruan 2 talde egingo dira jaiotza urte bakoitzeko. Landu beharreko edukiak zein metodologia hobeto bideratzea izango dira helburuak, eskolako haur bakoitzaren garapen onena lortzen saiatuz.

Bestalde, ordu eta erdira luzatuko dira saioak. Horietan, ordu erdiko lana egingo da psikomotrizitatea, malgutasuna, koordinazioa eta prebentzioa lantzeko, baita saioaren helburuak eta dinamika azaltzeko ere. Modu horretara, kantxako ordua ahalik eta gehien optimizatu nahi da. Beren adinean eta etapan, haurrek ahalik eta denbora gehien gozatzeko aukera izan behar dute, baloiarekin ahalik eta baldintzarik onenetan jolastuz.

Cesar Rocak eskolako koordinatzaile izaten jarraituko du. Gorputz Hezkuntzan lizentziaduna eta Areto Futboleko Goi Mailako Kirol Teknikaria izanik, kategoria bakoitzeko edukien programa orokorraz arduratuko. Gainera, astelehenetan, benjamin kategoriako bi saioak zuzenduko ditu beste begirale batzuekin batera. Bestalde, Aitor Arevalo Areto Futboleko Kirol Teknikariak gidatuko ditu alebin mailako ostiraletako saioak.

Bai Cesarrek eta baita Aitorrek ere, Aimar Zubillaga, Aitzol Oiarbide eta Ion Garmendiaren babesa izango dute begirale gisa; klubeko lehen taldeko beste jokalari eta teknikariekin batera. Erreferentziazko ereduak izango dira guztiak, eta umeentzat hain garrantzitsuak diren exekuzio teknikoari buruzko xehetasunak emango dituzte.

Eskolako ordutegiak honako hauek izango dira:
2012ko Benjaminak: astelehenetan 17:30-19:00
2011ko Benjaminak: astelehena 18:00-19:30

2010eko Alebinak: ostiraletan 17:30-19:00
2009ko Alebinak: ostiraletan 18:30-20:00

Astearte honetatik aurrera, zabalik dago izen-ematea eskualde osoan. Jarraitu beharreko pausoak online bidez izango dira, klubaren webgunearen bitartez: www.lauburuke.com. Bertan, kategoria eta adin bakoitzeko inprimakien estekak egongo dira. Klubak 20 plaza gaitu ditu kategoria eta adin bakoitzeko; Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kirol Sailaren bidez, Areto-Futboleko modalitatean eskoletarako araututa dituen baldintzak betez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!