«Herritarren lelo proposamenak jaso ditugu»

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 23a, 07:59

Ibarran ospatuko da Kilometroak 2021ean; antolaketa lanetan hasiak dira eta lehen urratsak ematen ari dira orain: besteak beste, lelo proposamenak jasotzeko ekimen bat jarri dute martxan, herritarrek parte har dezaten. Aitor Bengoak, Uzturpeko irakasle eta antolatzaileak egoeraren berri eman dio Ataria-ri.

Egoera berrira egokitzeko ahaleginetan ari dira datorren urteko Kilometroak jaia antolatzen ari diren kideak. Aitor Bengoa Uzturpeko irakasle eta antolatzaileak azaldu duenez, maiatzean zehar fisikoki egitekoa zuten ekimen bat birtualki egin behar izan dute.

Aurrera doaz antolaketa lanak?

Ez nahi bezala baina badoaz aurrera, bai. Egokitu egin behar izan ditugu hasierako asmoak egoera hau dela eta, baina lanean hasita gaude.

Nola ari zarete guztia aurrera eramaten?

Une honetan, gure hasierako kronograma betetzen ari gara, baina orain egin nahi genituen ekintza batzuk fisikoki egin beharrekoak ziren eta birtualki egin behar izan ditugu. Eta bilerei dagokienez ere telematikoki egiten ari gara.

Aurten formatu berri batean ospatuko da Kilometroak jaia eta zuentzat ere nahiko berria izango da.

Gu ere Zubimusu ikastolari begira gaude, formatu berri hori nola gauzatuko den ikusi ahal izateko, eta hurrena gu izango gara. Egia esan, formatu berriaz gain, koronabirusaren egoera gehitu behar zaio, izan ere, horrek ere asko baldintzatzen du.

Egoera honek ziurgabetasuna eragiten dizue? 

Egia esan galdera asko daude, zalantza handiak. Baina honetara ere ohitzen hasita gaude, eta egunero gauza berriak sortzen ari gara eta ikusi egin behar nola joaten diren gauzak aurrerantzean.

Nola osatu duzue antolatzaile taldea?

Une honetan, hasiera-hasierako puntu batean gaude, ondorioz, batzordeak eratu gabe ditugu oraindik. Lehen pausoa, hastapen talde bat sortzea izan zen. Talde horretan, Uzturpeko irakasle batzuk, zuzendaritza talde osoa eta guraso batzuk ere ari dira parte hartzen. Horrez gain, Kilometroak jaian lan egiten duten kide batzuk ere badaude. Taldearen funtzio nagusia komunikazio ildoa zein izango den zehaztea da. Baina baita leloa eta logotipoa aukeratzea, salmentei begira ere lokalak eta aukeratzen hastea edota biltegiak atontzea ere. Ekaina aldera, ordea, hastapen talde hau desegingo da, eta batzorde zehatzagoak sortuko dira.

«Une honetan, komunikazio ildoa zein izango den zehaztea da funtzio nagusia»

'Lehen metroa, etxean' izeneko ekimena abiatu duzue. Zer da zehazki?

Ekimen hori, berez, Ibarrako plazan egin beharreko zerbait zen. Aurreko urteetan, pintxo-tertulia moduko bat egin izan dute beste herrietan: lantalde desberdinak sortzen dira, gai desberdinen inguruan aritzeko, eta herritarrei eskatzen zaie gai horien inguruan lanketa eta hausnarketa batzuk egitea. Lanketa horretatik komunikazio ildo bat ateratzen da eta aldi berean lelo proposamenak ere jasotzen dira. Pintxo-tertulia horretarako data jarrita genuen, baina konfinamenduaren kontua etorri zenean, guztia bertan behera geratu zen. Ekimen hori moldatu eta birtualki egitea pentsatu genuen. Hau gauzatu ahal izateko, Ibarrako Udalak Ibarra ez da makala izeneko ekimen bat martxan jarri zuen norbanako zein eragileek parte hartzeko, eta guk ere, herriko eragile gisa, hor hartu genuen parte maiatzaren 11n. Herritarren ekarpenak jaso ditugu, baita lelo proposamen batzuk ere. Guzti hori bildu eta forma ematen ari gara, gero bozkatzeko sistema bat jarri nahi baitugu. Ondoren, jasotzen diren lelo guztiak aditu talde batek begiratuko ditu eta lelo bakarra aukeratu beharko dugu.

Ekarpenak jasotzeko lau galdera egin dizkiezue herritarrei.

Bai, lau horma irudi digital sortu ditugu lau gai lantzeko: Zer da ikastola zuretzat?, Zer balio landu nahi dituzu Kilometroak 2021 prozesu osoan zehar?, Zein izan daitezke Ibarra herriak eta Kilometroak jaiaren arteko hartu-emanen ardatzak?, Eta Kilometroak jaiaren estetika?

Aurrera begirako pausoak zehaztuta dituzue?

Beste esparruetan bezala egunero datozkigu berriak, eta gu ere zain gaude. Ez dakigu udara nola joango den, baina edozein modutan, guk orain egin beharreko lanak antolaketa lanak dira, atzetik dauden prozesuak dira. Momentu honetan, kanpora begira ari direnak Villabonako Zubimusukoak dira eta haiek pasa arte, guk publikoan behintzat oso ekimen gutxi aurreikusi ditugu. Atzetik gehiago ibiliko gara kanpora begira baino.

Ikastolen aldeko jaian lortutako dirua zertara bideratu nahi duzue?

Azken urte hauetan eraikinarekin gorabehera asko izan ditugu. Obra batzuen ondorioz istripu bat izan genuen, eta diru galera handiak izan genituen. Guztia konponduta dago orain, baina galera ekonomikoak hor jarraitzen du. Horri aurre egiteko erabili nahiko genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!